Carlos Uriarte matematikariagaz hitzordua, maiatzaren 19an, Bilbon

Bizkaie! 2022-05-17 12:06   Kulturea

Matematikea Eguneroko Bizitzan zikloko saioa Bidebarrieta liburutegian egingo dabe.

Matematiken mundua gizarteratzeko eta modu dibulgatiboan herritarrei hurreratzeko, Matematikea Eguneroko Bizitzan zikloko beste saio bat hartuko dau Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak eguenean, maiatzak 19. Oraingo honetan, Carlos Uriarte ikerlari eta matematikaria izango da konbidadua. Ecuaciones diferenciales para explicar el mundo y redes neuronales artificiales para resolverlas da berbaldiaren izenburua, hau da, mundua azaltzeko ekuazino diferentzialak eta honeek ebazteko sare neuronal artifizialak.

Uriartek azalduko dau matematikak ezinbestekoak dirala giza garapenean, bizi garen mundua ulertzeko, azaltzeko eta errazteko aukerea emoten dabelako. Ganera, fisika, injinerutzea, ekonomia eta beste alor asko nekez ulertuko doguz matematikak ezagutu barik.

Zehatzago, ekuazinoak geure inguruko jazoera askoren kodifikatzaile matematiko nagusiak dira eta egitura matematiko horreek ebazteko ezagutza sortzea oso onuragarria da gaur egungo gizartearentzat. Horretan laguntzeko, konputazinoa tresna baliotsua da, emoten dauen zehaztasuna eta bizkortasuna kontuan izanda.

Carlos Uriartek, egueneko berbaldian, alkarregaz lotuko ditu gaur egungo konputazinoaren puntaren puntan dagozan sare neuronal artifizialak eta matematikearen alorreko ekuazino diferentzialak. Saioa 19:00etan hasiko da eta sartzea doban da. Ganera, zuzenean emongo dabe ekitaldia Bidebarrieta Kulturgunearen Youtube kanalean.

Carlos Uriarte, 26 urtekoa, Getxon jaio zan. Matematikan gradua dauka, eta Konputazino Injinerutzan eta Sistema Adimentsuetan masterra. Basque Center for Applied Mathematics-en (BCAM) ekin eutsan ikerketa lanari, eta gaur egun be bertan dabil, matematika konputazionalen arloan, doktore tesia egiten dauen bitartean. Batez be, sare neuronal artifizialen azterketea, diseinua eta garapena jorratzen dau, deribadu partzialetako ekuazinoak ebazteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu