AIKO Taldeak Danspirenaika 2022 edegiko dau Arratiako Areatzan
2022-05-17 10:24 KultureaDanspirenaika maiatzaren 21ean eta 22an hasiko da Areatzan.
Mendiko paisajeetan jantza tradizionalaz gozetea da AIKO Taldeak, musikarien eta jantza maisuen kolektiboak, sustatutako azken ekimena. Eta, gainera, Pirinioetan egitea, mendikate horren inguruan dagozan kultur tradizinoak alkarren artean buztartuz. Danspirenaika dau izena maiatzaren 21ean eta 22an Areatzan (Bizkaia) hasiko dan ekimenak.
Arratiako bailarearen bihotzean, udalerriaren alboetan euskal mendiaren erreferentzia enblematiko bi daude: Gorbeia eta Urkiolako hatxak. Urigunetik metro gitxira dagoan Klaratarren komentu zaharra izango da Danspirenaika 2022ko lehen etapearen egoitzea.
Programea maiatzaren 21ean hasiko da, 16:30ean eta domekan amaituko da. Irakasle espezializatuek emongo dituen lau ikastaro izango ditu: Lehenengoa Pilar Baca sevillarrak, jantza espainiarreko eta flamenkoko irakasleak, zuzenduko dau eta euskal jotearen eta buleriaren arteko loturak jorratuko ditu. Ondoren, Larraitz Artetxe AIKO taldeko kideak Jotarekin olgetan Arratian izenburuko ikastaroa emongo dau. Zapatuari amaierea emoteko Areatzako erromeria mobikorra hasiko da Gudarien Plazan. Domekan Claude Iruretagoyena lapurtarraren txandea izango da, euskal jantzearen ohiko jauziak edo saltoak erakutsiz. Eta Ines Uriarte ondarrutarrak emongo deutso amaierea egunari, bikotean gidatzearen oinarrizko kontzeptuei buruzko ikastaroagaz.
Izena emon gura dabenek mezu bat bialdu beharko dabe aiko@aikotaldea.eus helbidera eta bertan Danspirenaika Areatza, izen-abizenak eta hartu-emonetarako eskuko telefonoaren zenbakia adierazo beharko ditu edo bestela whatsapp mezu bat bialdu 634 423 539 zenbakira. Areatza Balneario Hotelak pakete berezia eskainiko dau ikastarogileentzat, gela bikotxa, zapatuko, hilaren 21eko, afaria eta domekako, 22ko gosaria eta bazkaria eta bertako instalazinoetan zirkuitu termal bat be bai. Matrikulearen prezioa 50 eurokoa da personako. Informazino gehiago eta matrikuleari buruzko zehetasunak hemen.
Danspirenaika
AIKO Taldeak proiektu parte-hartzailea dakar, jantzen aurrean pasinoa, edozein mugatik harago batzen gaituan berbarik bako hizkuntzea konpartiduteko. Profesionalei zein jantzazaleei, herritarrei oro har, zuzendutako ekimena da eta bertan, AIKOk Pirinioetan zehar jantzan ibiltea proponiduten dau, tailerrak, ikastaroak, jantzak, erromeriak, erakusketak eta bestelakoak eskainiz.
AIKO Taldeak sustatutako kultur ekimenak bigarren topaketea atondu dau garagarrileko azken astegoienean Jacan. Huescako herri horrek Danspirenaika hartuko dau eta ikastaroak, tailerrak eta jantza herrikoiak eskainiko ditu kalean. Ikastaroak Escolapios Ikastetxeko patioan emongo dira, barikuko eta zapatuko tailerrak eta jantzaldia Ripa Plazan eta domekako jantzaldia Parkeko Kioskoan. Bai Escolapios Ikastetxeko aterpetxea bai Jacako Unibersidade Egoitzea zabalik egongo dira ikastarogileak hartzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!