Bizkaiko museoak ezagutzeko deia
2022-05-16 13:22 KultureaMaiatzaren 18an da Museoen Nazinoarteko Eguna.
Bizkaiko 44 museok eta Bizkaiko Foru Aldundiak alkarregaz atondu ditue Museoen Nazinoarteko Egunagaz lotutako jarduerak. Maiatzaren 18an, eguaztenean, da eguna, eta Bizkaian dagoan eskaintza zabala gizarteratzeko aprobetxauko dabe. Museo ezagunenez aparte, beste pilo bat dagoz herrialdean, eskualde guztietan eta danetariko gaiak lantzen dituenak. Aniztasun eta aberastasun hori ezagutzeko deia egin dabe, beraz.
Nazinoarteko Egun horregaz lotutako kanpainearen leloak dino Museoen poterea sentidu. Inguratzen gaituan munduan museoek daben potere eraldatzaileaz hausnartzeko gonbidapena dala dino Foru Aldundiak. Gauza barriak topetako leku parebakook geure iragana erakusten deuskue eta idea barriak aurkeztu.
Aste bi inguruko egitaraua atondu dabe Bizkaiko museoek aurten. Dana dala, museoak aktibo dagoz eta jarduerak eskaintzen ditue urte osoan. Foru Aldundiak museoon garrantzia eta eginkizuna azpimarratu nahi ditu, ez bakarrik efemeride honen inguruan, baita urteko egun guztietan be. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak adierazo dauenez, edozeinek topau leike disfrutetako plan zoragarria museoetan, jenteak museoen indarra deskubridutea nahi dogu.
Bilbaogaz batera, BizkaiKOA erakundeko zuzendari Asier Madarietak eta Bizkaiko museo ugaritako ordezkariek hartu dabe parte Museoen Nazinoarteko Eguneko egitaraua aurkezteko ekitaldian, Bilbon, Euskerearen Etxean. 28 udalerritako 44 museok egin dabe bat, eta danetariko jarduerak eskainiko ditue. Argibide gehiago hemen.
Horrezaz gan, herritar guztiei zabalik dagoan erronkea ipini dabe martxan museoek eta Foru Aldundiak. Zer sentiduten dozu museo bat bisitetan dozunean? galdereari erantzun behar deutse parte-hartzaileek, bideo bidez, eta sare sozialetan zabaldu (Facebook edo Instagram). Bagilaren 17ra arteko epea dago eta bideoak bialtzen dituen guztien artean zozketea egingo dabe, museoetako sarrerak lortzeko edo jarduera berezietan parte hartzeko.
Museoen Nazinoarteko Eguneko jardueretan parte hartzen daben Bizkaiko museo eta ondare-guneak honeek dira:
Bilbon: Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Eder Museoa, Berreginen Museoa, Itsasmuseum Bilbao, Eleiz Museoa, Euskal Museoa, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Guggenheim, Pasino-Irudien Museoa, Bilboko Zezen Museoa eta Euskerearen Etxea; Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoa (Abanto-Zierbena); Txakolingunea (Bakio); La Encartada Fabrika-Museoa; Balmasedako Pasino Biziduna (Balmaseda); Burdinazko Hesiaren Museo Memoriala (Berango); Arrantzaleen Museoa (Bermeo); Margarita María Museoa (Berriz); Ekoetxea Urdaibai (Busturia); Antzasti Euskaldunon Etxea (Dima); Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango); San Balentin Berriotxoakoaren Museoa (Elorrio); Loizaga Torrea (Galdames); Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga); Euskal Herria Museoa, Bakearen Gernikako Museoa (Gernika-Lumo); Bizkaia Zubia (Getxo); Dolomitak (Karrantza); Santimamiñe (Kortezubi); Medikuntzearen Historiaren Euskal Museoa (Leioa); Andrés de Urdaneta Natur Historiaren Museoa (Loiu); Hontza Museoa (Mañaria); El Pobal burdinolea (Muskiz); Orozkoko Museoa (Orozko); Butroeko Plasentia Museoa (Plentzia); Rialia-Industriaren Museoa (Portugalete); Agurtza Arrantza-Teknikearen Interpretazino Zentroa, Santurtzi Itsasoa Interpretazino Zentroa (Santurtzi); Enkarterriko Museoa (Sopuerta); Orduña Uria Museoa (Orduña) eta Simón-Bolívar Museoa (Ziortza-Bolibar).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!