Gregorio Arrieni omenaldia Bilbon
2022-05-16 11:21 KultureaGure herriaren historiaren ikertzaile eta zabaltzaile nekaezina da Arrien.
Sabino Arana Fundazinoak Gregorio Arrien Berrojaetxebarria historialari, euskeraren bultzatzaile eta eleizgizon pasinotarrari omenaldia egingo deutso maiatzaren 18an, arratsaldeko 19:00retatik aurrera, Fundazinoaren areto nagusian.
EHUko irakasle, Hezkuntzearen historiaren ikertzaile eta unibersidade horretako Hezkuntza Museoko kide Joxe Garmendiak, irakasle izandako gizon jakin hori gogorarazoko deusku. Arrienek Gerra Zibilean umee erbesteratze eta ebakuazinoei buruzko, Bizkaiko XX. mendeko hezkuntzearen gaineko (auzo-eskolei buruzko) eta pasinotarren historiari buruzko lan ugari idatzi zituan.
Kortezubin (Bizkaia) jaio zan, 1936ko urriaren 28an, eta 1962an abadetu zan. Arrienek ondo baino hobeto buztartu zitun ikertzaile eta irakasle-lanak. Gabiriako (Gipuzkoa) abadetegian, San Gabriel ikastetxean eta Eubako (Amorebieta-Etxano) Lauaxeta Ikastolan irakasle ibili zan. Sabino Arana Fundazinoaren Patronatuko kide be izan zan. 1985ean, doktoretzea atara eban Madrilgo Unibersidade Konplutentsean, ondoko tesia aurkezturik: Hezkuntza eta Bizkaiko auzo-eskolak (Eskola eta Autonomia, 1898-1975), eta izenburu hori erabiliz argitaratu eban 1987an.
Gerra Zibileko umeen erbesteratzea ikertzeari egindako ekarriaz danaz bezainbatean, Joxe Garmendiak 1983. urtean argitaratutako La generación del exilio. Génesis de las escuelas vascas y las colonias escolares, 1932-1940 izeneko lana aztertuko dau.
Bizkaiko hezkuntzearen historiari jagokonez, Arrienen azken liburua, hil ondoren argitaratutakoa, izango dau berbagai. Auzo-eskolei buruzko lana da, Arrienen tesiaren berrargitalpena. Eta pasinotarren historiari jagokonez, Medio siglo de un centro educativo, pasionistas de Euba, 1956-2006 liburua aztertuko dau.
Gregorio Arrienek hainbat aintzatespen jaso zituan ikertzaile eta euskaltzale legez, horreen artean, Urrezko Lumea (2004), Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak emonda, euskerearen alde egindako lanagaitik. Era berean, Eusko Ikaskuntzak eta Amorebieta- Etxanoko Udalak omenaldi bana egin eutsen. Arrien Eubako pasinotarren komunidadean hil zan, 2019ko abenduan.
Datorren maiatzaren 18ko ekitaldia atonduta, Sabino Arana Fundazinoak aintzatespen horreekaz bat egin eta merezidutako omenaldi hau egingo deutso Arrieni eta, aldi berean, Sabino Arana Fundazinoagaz hainbestetan kolaborau eban ikertzaile pasinotar nekaezinaren lan historiografiko handia zabaltzen lagundu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!