Gai sakonak landu ditue 2021eko Azkue Literatura Sarietan
2022-05-13 12:38 KultureaBilbon egin dabe sariak banatzeko ekitaldia.
Ume eta gazteen artean idazteko zaletasuna biztuteko asmoz antolatzen dau Euskaltzaindiak R.M. Azkue Literatur Lehiaketea eta 2021eko edizinoak erantzun bikaina izan dau. 526 neska-mutilek bialdu ditue idazlanak, igaz baino nabarmen gehiagok. Sariak emoteko ekitaldia Bilbon egin dabe, Akademiak Plaza Barrian daukan egoitzan.
Epaimahaikideek azpimarratu dabenez, edizino honetako istorioetan gai sakonak lantzearen alde egin dabe parte-hartzaile askok (maitasuna, heriotzea, mitologia...), eta ikuspuntu originalak aurkeztu ditue gehienek. Bizitzearen ertz guztiak sakon aztertzeko gogoa sumatu dabe epaimahaikoek.
Ohiko moduan, narrazinoa eta poesia modalidadeetan banatu ditue idazlanak. A mailan egon dira 10 eta 13 urte bitartekoak eta B mailan 14 eta 17 artekoak. Oiartzungo Haurtzaro Ikastoleari sari berezia emon deutse, parte-hartzaile gehien izan dituan ikastetxea izateagaitik.
A mailako epaimahaikideak Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni izan dira; B mailakoak, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Epaimahaiko kide batzukaz batera, Andres Urrutia euskaltzainburua eta BBK-ko ordezkari Koldo Bilbao izan dira sariak emoteko ekitaldian. Literaturearen bidetik jarraitzeko eskatu deutse Urrutiak irabazleei, euskal kulturearen eta euskerearen mesedetan. Koldo Bilbaok be txalotu egin dau gazteen lana: Kultur produkzinoa bultzatzea, eta beren-beregi euskerazkoa, zeregin garrantzitsua da BBKrentzat, eta sariok egiten dogunaren lagin deigarria dira.
Honeek izan dira 2021eko R.M. Azkue Literatur Lehiaketako irabazleak:
A mailea
Narrazinoa:
- 1. saria: I can’t breathe. Egilea: Karla Loinaz (Haurtzaro ikastola, Oiartzun).
- 2. saria: Jaizkibel. Egilea: Maddi Mitxelena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun).
- 3. saria: Arrantzalea eta sirena. Egilea: Larraitz Olazabal (Zubi Zaharra ikastola, Balmaseda).
- Aitamen berezia: Zisnearen hegaldia. Egilea: Maria Ruiz (Lasalle, Beasain).
Poesia:
- 1. saria: Ezinegona. Egilea: Nerea Cestona (Urola BHI, Azpeitia).
- 2. saria: Gauaren atseden ilunean. Egilea: Hegoa Aizpuru (Urola BHI, Azpeitia).
- 3. saria: Itsasoak soilik daki. Egilea: Aner Elorza (Urola BHI, Azpeitia).
- Aitamen berezia: Testuinguruan bakarraraziz. Egilea: Irati Oskoz (Usandizaga BHI, Donostia).
B mailea
Narrazinoa:
- 1. saria: OpoIpiApaRTZUpuN. Egilea: Malen Sarasola (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria).
- 2. saria: Kaleko urdanga. Egilea: Peio Enbeita (Gernika BHI, Gernika-Lumo).
- 3. saria: Zentzumenen memoria. Egilea: Oihane Retegi (Oiartzo ikastola, Oiartzun).
Poesia:
- 1. saria: Argiak itzaltzen diren tokia. Egilea: Sara Uribe-Etxeberria (Zumaia BHI, Zumaia).
- 2. saria: Larrazkeneko gau epela. Egilea: Esteban Borromée (Bernat Etxepare Lizeoa, Baiona).
- 3. saria: Oda bizitzari. Egilea: Alvaro Diez (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!