Udako ikastaroa egingo dau Bilboko Arte Eder Museoak bagilean
2022-05-13 11:17 KultureaHizlari ezagunen bidez, artearen izakera materiala jorratuko dabe.
Miguel Zugaza izango da Bilboko Arte Eder Museoak bagilean egingo dauen udako ikastaroaren zuzendaria, eta konbidaduak be goi mailakoak izango dira, esate baterako, artistak, nazinoarteko arte-zentroetako arduradunak eta zaharbarritzaileak. Gondra Barandiaran Fundazinoaren eta Deustuko Unibersidadearen laguntzinoagaz dator Artearen materia ikastaroa.
Museografia ardatz dala, artearen izakera materialagaz lotutako alderdi ugari jorratuko ditue hiru eguneko kursoan, bagilaren 22tik 24ra. Sorkuntzea, obren konserbazinoa, zaharbarritzea eta erakusketak atontzea izango dira gaiak.
Nazinoarteko eta diziplinarteko ikuspegidun ikastaro honek artearen, museoen, irakaskuntzearen eta ikerketearen alorretako hainbat profesional batuko ditu, artearen izakera materiala modu monografikoan aztertzeko. Museografiari lotuta Bilboko Arte Eder Museoak antolatzen dauen hirugarren ikastaroa da hau. Aurrekoak 2018an eta 2019an egin ziran.
Artearen Historian doktorea dan Manuela Mena izango da lehenengo hizlaria eta Miquel Barceló artisteak itxiko dau ikastaroa. Bilbon izango dira, ganera, Larry Keith (Londresko National Gallery), Enrique Quintana (Prado Museoa), María José Ruiz-Ozaita (Bilboko Arte Eder Museoko Konserbazino eta Zaharbarritze Saileko burua), Carlos Venegas García (EHU), Itziar Okariz (artistea), José Luis Merino Gorospe (Bilboko Arte Eder Museoko Antxinako Artearen konserbatzailea), George Bisacca (New Yorkeko Metropolitan Museum of Art) eta beste asko.
Ikastaroan izena emoteko epea zabalik dago, hemen. Ganera, Gondra Barandiaran Fundazinoak 20 beka emongo ditu, beste horrenbeste lagun doban joan daitezan. Deustuko Unibersidadearen ziurtagiria jasoko dabe parte hartzen dabenek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!