UEUren 50. Udako Ikastaroak: Hausnarketa eta alkarlanaren bidean, aurrera begira

Bizkaie! 2022-05-12 12:50   Kulturea

Matrikulea egiteko epea zabalik dago hemen.

Ezkerretik eskumara: Pauline Guelle, Irati Iciar eta Kepa Sarasola. | Ikusi handiago | Argazki originala

Edizio berezia izatea nahi dabe eta hori dala eta 22 jardunaldi eta topaketa atondu ditue hainbat eragilegaz alkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diran gaien inguruan hausnartzeko helburuari eutsiz. Biarritzen egingo dan 50 urte UEUgintzan jardunaldiak emongo deutse hasierea ikastaroei.

Aurkezpenean Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak; Irati Iciar-ek, UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Pauline Guelle-ek, UEUko zuzendaritzako kideak parte hartu dabe.

Kepa Sarasolak ondokoa adierazo dau: UEUren Udako Ikastaroek 50 urte beteko ditue aurten eta guretzat urteurren garrantzitsua da hauxe. Donibane Lohitzunen egin ziran lehen Udako Ikastaro horreek hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, euskereak unibersidaderako be balio ebala erakutsi gura ebelako. Ordutik, urtero-urtero, bost hamarkadetan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dabe hutsik egin eta hasierako sustatzaile hareek aurreikusi bezela, UEUk eta Udako Ikastaroek erakutsi dabe euskerea zein erabilgarria dan unibersidadean be. UEUn ibilitako milaka personak eskertu nahi ditugu, euren alkarlanari esker posible izan baita euskera teknikoa sortzea, eurei esker lortu baita unibersidade-mailako 500 liburu baino gehiago argitaratzea; eurei esker fisika nuklearrari buruz klaseak emon geinkezalako; eurei esker IKERGAZTE kongresua atondu geinkelako. Katebegi askok ekarri gaitue hona eta aurrerantzean be katebegiek jarraitu deien gura geunke.

Irati Iciar-ek, UEUko Udako Ikastaroen arduradunak berba egin dau ondoren, ikastaroei jagokozan zehetasunak azaltzeko: 22 jarduera atondu ditugu, baina aurten guztiak izango dira jardunaldiak edo topaketak. 50. edizinoa berezia izatea nahi genduan UEUrentzat eta euskal gizartearentzat estrategikoak edo garrantzitsuak diran hainbat gai lantzeko aukera parebakobea genunkala ikusi genduan eta horretarako, ohikoa dan moduan, hainbat eragilegaz #ElkarEkin atondu ditugu: 10 eragile, UEUko 10 sail eta azpiegituretan be beste zortzi eragile izango ditugu bidaide. Horrezaz gan, gure bazkideak be zirikatu eta hainbat topaketa espezializatu be izango dira. Indartsu datorren edizinoa izango da aurtengoa, etorkizunera begira jarriko baikara. Hausnarketotan ahalik eta jente gehiagok parte hartu deian, 10 euroko prezio eskuragarria jarri deutsagu matrikuleari.

Pauline Guelle UEUko zuzendaritzako kideak maiatzaren 21ean Biarritzen egingo dan hasiera jardunaldiaren barri emon dau: Udako Ikastaroak Ipar Euskal Herrian sortu ziranez, argi geunkan 50. Urteurreneko hasiera jardunaldia be bertan egin behar genduala. “50 urte UEUgintzan” izenburua dau eta Biarritzeko Mediatekan egingo dogu. Ekitaldi honetan UEUren eta Euskal Unibersidadearen egoerea aztertu nahi dogu, joanaldia gogoratuz baina etorkizunari begira. Era berean, hasierako bultzatzaileak eta eragileak omenduko ditugu. Gonbidatuta zagoze, garagarrilean etorri Bernat Etxepare lizeora, dei egiten deutset bertako herritarrei UEUn parte hartu deien, zoritxarrez Ipar Euskal Herrian euskerearen egoerea hezkuntzan eta unibersidadean ez dalako beharko leukena”. Azkenik Guellek azken ikasturtean UEUk Eusko Ikaskuntzagaz batera Ipar Euskal Herrian Tartarika zikloaren barruan egiten dagoan lana azpimarratu eta bagileko hitzordua berezia izango dala azaldu dau: “Tartarika eta UEUren 50. Urteurrena batu nahi izan ditugu eta bagilaren 16an UEUfesta egingo dogu hemen, Kalostrapen. Bertara gonbidatuko ditugu UEUko bazkideak eta lagunak eta tarte goxo bat pasauko dogu, bertako ikertzaile gazteen mikro-berbaldiakaz, bertsoakaz eta zizka-mizka batzuekaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu