Bilboko Euskal Museoaren erabarritzea Bizkaiko herrietan erakutsiko dabe

Bizkaie! 2022-05-12 12:29   Kulturea

Lehenengo asteak Bilbon egin eta gero, Armintza, Bakio, Mundaka eta Ondarroara doa erakusketea.

Bilboko Euskal Museoa goitik behera erabarrituko dabe hurrengo urteotan, edukiaren, egiturearen zein proposamen museografikoaren aldetik. Bizkaitarrei aldaketa sakon hori azaltzeko, 20 panel inguruko erakusketea atondu dabe museokoek, eta herririk herri eroango dabe.

Bilbon bertan, Arriagako plazatxuan ipini dabe erakusketea, bagilaren 9ra arte. Udako beste geldialdiak be zehaztuta dagoz: bagilean Armintza; garagarrilean Bakio; abuztuan Mundaka; eta irailean Ondarroa. Danak dira kostaldeko herriak, bertako biztanleek ez eze, turista eta bisitariek be Euskal Museoaren barrikuntzak ezagutu deiezen. Dana dala, Bizkaiko herri eta eskualde gehiagotan be ikusi ahal izango da erakusketea uda ostean.

Arriaga plazatxuan izan dira erakunde publikoetako ordezkariak, erakusketa ibiltariaren inaugurazinoan, besteak beste, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Euskal Museoko zuzendaria, Sorkunde Aiartza, eta erakusketa teknikaria, Aloña Intxaurrandieta, be hantxe izan dira.

Aurkezpenean zehaztu dabenez, Euskal Museoaren erabarritzea alderdi ugaritatik lantzen da paneletan. Batetik, alor arkitektonikoa agertzen da, infografiak eta informazino teknikoa oinarri. Kanpoan, jatorrizko bolumetriak eta estalkiagazko loturea berreskuratuko dira; barrualdean, Miserikordia eremua eta hutsitutako bolumen handia nabarmentzen dira. Maketa multimedia handi bat be ipiniko dabe.

Bestetik, museografia barriaren zati bat erakutsiko dabe panelek. Infografien bidez, klaustroa zelan egongo dan jakingo dogu, baita diseinuari lotutako hobekuntza batzuk be.

Museoaren bildumeak 50.000 pieza baino gehiago ditu, eta funtsak zabalik dagoz, eten barik hazten, museoa bera lez. Erakusketan, beraz, museoaren erakusketa erdi iraunkorreko pieza batzuk ezagutu ahal izango dira, Asier Gómezen argazkien bidez, eta museoko bildumetako teknikariek lau hizkuntzatan (euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egindako testuek lagunduta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu