Estaduko lehen opari txartela atara dau Bilbok
2022-05-12 09:06 Pil-pilean400 saltoki, taberna eta zerbitzu baino gehiagotan erabili daiteke.
bilbaoDendak plataformaren ekimenari esker, Bizkaiko uriburua aitzindari bihurtu da ekimen komertzial barri bat martxan jarteko orduan: Uri osoko 400 saltoki eta ostalaritza-establezimendu baino gehiagotan produktuak edo zerbitzuak erosteko opari txartela. Honen bidez, Bilboko merkataritzea batzen dauen plataformeak balio handiko produktua sustatuko dau, inguruko erosketak bultzatzeko eta bertoko eroste-eredu jasangarri baten alde egiteko.
Opari txartela Bilboko Zabalgune eraikinean aurkeztu dau Rafael Gardeazabal bilbaoDendak-eko presidenteak; Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia eta Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Saileko zuzendaria be bertan izan dira. Horreez gan, Patricia García Gasteiz On plataformaren gerentea be izan da, bilbaoDendak-egaz batera ekimen hau landu dauenak, Bilbo uriburuaren ondoren, Gasteizen be martxan jarteko.
bilbaoDendak-ek erosketa jasangarri eta bertoko erosketen alde egindako apustua nabarmendu dau Gardeazabalek. Horretarako, balio handiko ekimen hau jarri dabe martxan, lekuan lekuko merkataritzearen erosketak bultzatzeko eta horreen salmentak handitzeko asmoz: ‘Opari txartel honeetako bat jasoten dauenak, uri oso bat izan behar dau bere eskura, hau da, ez bakarrik erroparen bat, osogarri, bitxi, kirol, etxe artikulu, dekorazinoa edo teknologia, batzuk aitatzearren’ adierazo dau. ‘Opari txartela pintxo batzuk edo menu bat pagetako balio dau, ule-apainketea, edertasun edo masaje zerbitzuren bat, lore-txorta bat edo gure establezimendu alkartuek eskaintzen dituen edozein zerbitzu erregalau zeinke’.
Opari txartelak 90eko hamarkadearen erdialdean sortu ziran AEBetan, oparia jasoten eban horrek nahi ebana aukeratzeko; partikularren artean gero eta ospe gehiago hartzen joan dira eta enpresa askorentzat oso metodo erabilia bihurtu da, bai beharginak motibetako, baita bezeroak saritzeko be. bilbaoDendak-en Opari Txartela, partikularrei eta enpresei be eskainiko jake.
Tarjeta Regalo-Opari Txartela
bilbaoDendak kolektiboak txartel birtual hau merkaturatzeko aukeratutako izena da, orain arte multinazionalek eta banaketa komertzialeko marka handiek erabili izan daben pagetako bidea.
Bilboko merkataritzearen ekimen hau mueta honetako lehenengoa da Estaduan eta barrikuntza nagusi bat dakar: Onuradunak ez dau denda bakarra aukeratu behar, ehunka saltoki, ostalaritza eta zerbitzu-establezimenduren artean aukeratu ahal izango dau oparia. Gainera, denda fisikoetan zein online erosi ahal izango dau, denda bakotxaren webgunean.
Txartel birtuala
Txartel birtual bat da eta ohituta gagozan kreditu edo zordunketa-txartel guztiek bezela funtzionetan dau eta, beraz, modu eraginkorrean funtzionetan dau, bai bezeroentzat bai dendentzat be. Erosketa prozesua oso erraza da, bilbaoDendak alkartearen webgunean, Opari-txartela atalean sartu besterik ez baita egin behar.
Bilboko denda, taberna eta jatetxeetan erabilgarri dagozan datafonoen bidez egiten da ordainketea eta ez dau ezelako kostu gehigarririk ekimenera batutako saltoki eta establezimenduentzat. Txartela dagoeneko salgai dago bilbaoDendak-en webgunean, 30, 50 edo 100 euroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!