Bilboko Guggenheim Museoak ordutegi zabalagoa izango dau
2022-05-11 13:32 KultureaBariku, zapatu eta domeketan 19:00etan zarratuko dabe.
Eguraldi epel eta argitsua heltzeaz batera, Bilboko Guggenheim Museoak ordutegi barriari ekingo deutso, barikuan, hilak 13, hasita. Bagilaren 19ra arte, 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, bariku, zapatu eta domeketan.
Udan etorten diran bisitari guztiei arreta egokia emoteko, bagilaren 20tik irailaren 18ra, ordubete beranduago zarratuko dabe (10:00-20:00). Hortaz, pandemiaren aurretik eukan ordutegia berreskuratuko dau museoak.
Covid-19aren aurreko sasoietako ohiturak bueltan datoz pixkanaka, eta Guggenheimen beharrezkotzat jo dabe ordutegi zabalagoak eskaintzea. Dana dala, bada beste arrazoi bat zarratzeko ordua atzeratzeko, Motion. Autos, Art, Architecture erakusketeak eragindako ikusmina hain zuzen. Bisitari ugari erakarten dabil automobilgintzearen eta artearen arteko loturea egiten dauen erakusketeak, Guggenheimeko arduradunen arabera.
Autoen diseinuak aspalditik izan dau eragina pinturan, eskulturan, arkitekturan eta argazkigintzan, mobimendu artistiko inportanteen inspirazino bihurtzeraino. Erakusketeari esker, publikoak ibilbide luzea egin leike autoaren sorreratik gaur arte, arteagaz izandako hartu-emonetan oinarrituta. Ibilgailu bitxiak be badagoz, Norman Foster arkitektoaren bildumakoak.
Hurrengo asteotan museora sartzen diranek ohiko programazinoko beste proposamen ugari be izango ditue zain, esate baterako, Jean Dubuffeten atzera-begirakoa eta Parisko Musée d'Art Moderneko maisulanen bildumea. Azken hau maiatzaren 22an itxiko dabe eta Serra/Seurat. Irudiak erakusketeak hartuko deutso lekukoa.
Bestetik, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak ikusgai dago, eta Monira Al Qadiri artistearen Laurden sakratua instalazinoak Film&Video aretoa hartuko dau bagilaren 12ra arte; hil horren 23an, O Horizon ipiniko dabe ikus-entzunezkoen areto horretan, The Otolith Group-en instalazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!