Isidoro Valcárcel Medina artista eta arkitektoaren 'Arkitektura goiztiarrak' erakusketea zabalik
2022-05-11 09:26 KultureaMaiatzaren 10etik irailaren 28ra.
Bilboko Azkuna Zentroan, Arkitektura goiztiarrak urbanizetako eta eregiteko proposamenen bildumea da. Valcárcel Medinak egin zituan 1984 eta 1992 artean, artistearen eretxiz, uri-espazioko errealidade berehalakoaren eta ustez ha eratzen daben egituren artean dagoan erabateko kontraesana agerrarazoteko asmoz.
Lehen begiratuan, piezek arkitektura-planoak dirudite, jagozkezan soluzio teknikoakaz, garai haretan egiten ziran hainbat eraikinen antzekoak diran eskuz egindako marrazkiakaz. Tituluak arretaz irakurten hasi ezkero, barriz, Torre para suicidas, Edificio para parados, Colonia de chabolas... antzemoten da ez dirala ohiko proiektuak, proposamen kontzeptualak edo eginezinak dirala, ez eregi ezin diralako, bideragarriak izateko beste garai eta pentsamolde bat beharko leukiezalako baino.
Kristine Guzmánek komisariautako erakusketa honetan, hogeita hamar proiektu inguru erakusten ditu eta horreetan Arte Plastikoen 2007ko Sari Nazionalak agirian jarten dau arkitektureak beste bizimodu batzuk edo espazioen beste erabilera batzuk proponiduteko duen gaitasuna, politikari eta gizarteari eragiten deutsen eztabaidei bide emonez.
Erakusketea Azkuna Zentroak eta MUSAC Museoak (Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoa) produzidu dabe.
Proiektua osotzeko, titulu bereko liburua argitaratu da, Isidoro Valcárcel Medinak urigintzeari eta arkitektureari buruz asmautako proiektu guztiak lehenengo aldiz batzen dituana, baita artisteak Ernst Neuferten El Arte de proyectar en Arquitectura lanari buruz egindako erreplikak be. Arkitektura goiztiarrak Azkuna Zentroaren saltokia dan dendaz-en eta dendaz.azkunazentroa.eus webgunean dago salgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!