Anthony Kmeid Libanoko bideogile queer-a Bilbora bueltauko da
2022-05-11 08:33 KultureaJantza-antzerkia eskainiko dau.
Maiatzean, Bilboko La Fundición-era bueltauko da Anthony Kmeid Libanoko artistea. Igaz, La Fundicion-en aurkeztu eban Los papeles saio autobiografiko ederra (bere herrialdeko gizon biren arteko amodio debekatuari buruzkoa). Jantza-antzerki lanik barriena, Tecnocrata lehenengo aldiz ikusi ahal izango da Euskadin maiatzaren 21ean, zapatuan, eta 22an, domekan (19:00). Bere burua bideogiletzat dauen jantzari eta zinemagileak beste behin buztartu ditu testua, jantzea, ikus-entzunezkoak eta antzerki fisikoa. Gainera, kasu honetan, berak sortutako musikea eta arabiar ikonografia be sartu ditu, Mendebaldean fetitxe bihurtu eta sexualizau egiten dan Arabiako queer identidadearen inguruan, berearen inguruan, berba egin ahal izateko.
Kmeid 1989an jaio zan Zipren, herrialdeko gerratik iges egin eban Libanoko familia batean. Gerrearen ostean, Libanora bueltau eta, bertan ikasi zituan jantza klasikoa eta ikus-entzunezkoak. Erlijino katolikoak eta musulmanak asko baldintzatzen dabe gizarte hori eta artista queer lez egindako lana eta beste gizon bategaz maitasun hartu-emonak tarteko, bizitza bikotxa eroan behar izan eban burua babesteko. Jantzan gizartearen eta familiaren zapalkuntzatik babesteko lekua topau eban arren, herrialdea ixtea erabagi eban azkenean eta 2014tik Bartzelonan bizi da. Bizitzako bidaia gogorrak ezinbestean markau dau bere sorkuntza artistikoa. Kmeidek bere esperientziak islatzen ditu lanetan, gogorrenak batez be, intolerantziak eta minak be edertasuna sortu leikielako. Los papeles lanean haren marjinazino bikotxaz (arabiar gaya zalako eta emigrantea) berba egin ostean, Tecnócrata lan honetan benetako niaren eta sare sozialetan ikusten dan fikzinoko niaren arteko dikotomia plazaratzen dau eta gero eta digitalizatuago dagoan munduan ikusezin ez bihurtzeko zure burua erakusteko eta online sustatzeko beharrez gogoetea egiten dau.
Kmeiden bisitearen ondoren, La Fundición-ek (maiatzaren 26tik bagilaren 4ra) urteroko Zer(k)nias programearen edizino barria hartuko dau. Deialdi edegi horrek aukerea emoten deutse urtean zehar erakutsi ezin izandako proposamenei sortzeko eta erakusteko eremua izateko. Aurten Euskadiko lan bi hautatu dira eta Estadutik etorritako eta Euskadin estreinautako beste hiru lan. Lekuan lekuko sorkuntzak dira Ghost animal future, Bizkaian bizi dan Lu Chieregati brasildarraren estreinaldia (maiatzak 26 eta 27) eta Tempus fugit, Jon Ander Alonsoren euskerazko antzerki-performancea (bagilak 3). Beste hiru lanak Madrildik (Otro virtuosismo es posible, Annika Pannito eta Óscar Cornagorena -maiatzak 28- eta Odisea en PVC, José Luis Sendarrubiasena -bagilak 4-) eta Kanarietatik (Hasta el infinito y mas alla, Ian Garsiderena -maiatzak 29-) etorritako jantza-saioak dira.
Deustuko La Fundición-en udabarriko egitaraua nagilaren 11 eta 12an amaituko da, egun indartsuen dagoan konpainia baten eskutik; Valentziako La Coja Dansak lan barriaren saio bi egingo ditu: Euskadin lehen aldiz aurkeztuko dabe Llocjocxoc lana. Gizon bien arteko saioa da eta agertokian euren burua libre ixteko beharraz dabiz euren buruaz ahaztu ahal izateko. Interprete biek (Diego M. Buceta eta Santi de la Fuente) kartoiz egindako eszenografia ikusgarriaren inguruan egiten dabe jantzan eta ikuskizunean aukera amaibakoak eskaintzen ditue. Helburua: maskulinidade hegemonikotik urrun dagoan ikonografia sortzea gizon bik batera egin leikienaren eta ezin leikienaren inguruko ideiak suntsituz.
LlocJocXoc (La Coja Dansa). Eretratua: Caixa Fosca.
Sarrerak leihatilan eta online, Kutxabank sarean, dagoz salgai eta 14 euroan + gastuak (hasierako eskaintza bat dago, online, 7 euroan lortu ahal izango dira lehen sarrerak).
Egitarauaren informazinoa eta ikuskizunetarako sarreren salmentea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!