Genero ikuspegidun kazetaritzeari gorazarre egin deutso Emakundek

Bizkaie! 2022-05-10 08:25   Pil-pilean

Pikara eta Berria komunikabideak eta Lucia Martinez Odriozola zana saritu ditue.

Emakundeko Izaskun Landaida, sarituen ordezkariak eta Beatriz Artolazabal sailburua (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakumeak kontuan hartzen dituan eta bardintasunaren alde jarrera aktiboa dauen kazetaritzea izan da aurtengo Emakunde Sarietako protagonistea. Genero ikuspegidun kazetaritzea egiteagaitik, Pikara Magazine aldizkaria eta Berria egunkaria saritu ditue, eta alor horretan aitzindari izateagaitik, oraintsu hildako Lucia Martinez Odriozola kazetari eta unibersidadeko irakaslea.

Bilboko Euskalduna Jauregian egin dabe sariak banatzeko ekitaldia. Sarituen ordezkariez gan, han izan dira Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Mundua bere osotasunean ulertzeko genero ikuspegia ezinbestekoa dala azpimarratu dau Artolazabalek, eta kazetaritzearen inplikazinoa beharrezkoa dala.

Gizarte honek emakumeak eta hareen aniztasuna ikusarazotearen aldeko kazetaritzea behar dau, merezidu daben protagonismoaren aldekoa, ganeratu dau sailburuak. Rol eta estereotipo sexistetatik eta munduaren ikuspegi androzentrikotik urruntzen dan kazetaritzea da hori. Errealidadea sinplifikau nahi daben eta bardintasunaren kontra dagozan diskursoak zabaltzen hasi diran honetan, komunikabideek genero-ikuspegia kontuan izan behar dabela adierazo dau Artolazabalek.

Izaskun Landaidak, bestetik, genero-ikuspegia lantzeko katea nabarmendu dau, unibersidadeko prestakuntza akademikotik hasi eta hedabideen jardunera. Alde horretatik, Lucia Martinez Odriozola zanaren ekarpena txalotu dau Emakundeko zuzendariak. EHUko Informazino Zientzien Fakultadeko irakaslea, Genero ikuspegidun Kazetarien Euskal sarearen sustatzailea eta Pikara Magazineren sortzailea izan zan, baita Emakundeko Begira, Publizidade eta Komunikazino ez-sexistarako Aholku Batzordeko kidea be.

Pikara Magazine aldizkaria, bestetik, aldizkari feministea da, eta Emakunde Sarietako epaimahaiaren arabera, erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideakaz dauen konpromisoagaitik, emakumeen mobimenduen jardueren dokumentazinoagaitik, eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko zein komuniketako eskaintzen dituan aukerakaitik.

Berria egunkariak be bardintasunagaz eta feminismoagaz konpromisoa dauela nabarmendu dau Emakundek, genero-ikuspegia erredakzino-lanean guztiz sartuta dauen kalidadezko informazinoaren bidez. Indarkeria matxisten tratamenduari egiten deutsan ekarpena nabarmendu dau epaimahaiak, batez be. Estilo-liburuetan be bardintasunerako erespideak gogoan hartzen ditu Berriak eta, horregaitik, epaimahaiak uste dau erreferente dala ganerako komunikabideentzat.

Era berean, sari honen bidez, epaimahaiak autorpen publikoa egin nahi deutse bardintasunagaz konpromisoa daben komunikazinoaren munduko beste profesional eta hedabideei.

Emakunde Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren arloan egindako lanean nabarmendu diran persona fisiko zein juridikoei jentaurreko ezagutzea egitea eta lan hori nabarmentzea. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da. Kasu honetan, hiru irabazleen artean banatuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu