Ines Osinaga, Elhuyar eta UEU sarituko ditue aurten

Bizkaie! 2022-05-10 08:07   Kulturea

elkar 50 urte kulturgintzan, herrigintzan.



elkar Fundazinoa
k 50. urteurrenaren barri emon eta bere egoitza barria ezagutzera emoteko agerraldia egin dau; Adunako egoitza barrian, Joxemari Sors, elkar Fundazinoko burua, Olatz Osa, Elkar argitaletxeko zuzendaria eta Mikel Esnal, elkar Taldeko zuzendari-kudeatzailea agertu dira hedabideen aurrean.

50 urteko ibilbide luzea dauen erakundea izanagaitik be, eremu askotan ezezaguna da elkar Taldearen lana. Hori kontuan hartuta, Taldeak erabagi dau urteurren borobila eta Adunako egoitza barria erabiltea bere jarduna ahalik eta gehien ezagutarazoteko euskal eragileen artean.

Urte honeetako Taldearen sorrerea eta ibilbidea azaldu ditue hiru ordezkariek Ipar eta Hego Euskal Herrian emondako urratsen bidez; 60. hamarkadako bigarren zatian Joseba Jaka gaztea etxez etxeko salmentak egiten hasi zanetik, baita gaur egun Taldeak Euskal Herrian nahiz estadu mailan dituan egiturak, lankidetzak, proiektuak eta erronkak be.

Sorreratik erabagi zan, garaiko beharrak ikusita, zerbitzu integrala emon eta liburuaren balio kate osoa antolatzea: argitalpena, banaketea eta salmentea. Holaxe eutsi jako gaur egun arte eta etorkizunera begirako taldearen erronkak be bide beretik doaz.

Sariak

Urteurrena dala eta atondutako ekintzen artean, maiatzaren 26an Adunan egingo dan ekitaldian sari bi emongo ditue aurten, Ibilbideari elkar saria eta Joseba Jaka bekea. Bi urterik behin emoten dan Joseba Jaka bekea, aurten musika proiektuak laguntzeko deitu da eta Ines Osinagak jasoko dau, Itsasoa da bide bakarra izeneko musika proiektua lantzeko.

1996an hasita urtero emoten dan Ibilbideari elkar saria eragile bik jasoko dabe 2022an. elkar Fundazinoak erabagi dau aurten saria emotea Elhuyarri eta UEUri, gogoan hartuta euskalgintzako erakunde bi horreek be aurten 50 urte beteko dituela.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu