Euskal kostaldean ibiliko da XVIII. mendeko ontzi baten erreplikea
2022-05-09 13:53 KultureaHogei herritan egingo ditu geldialdiak, itsas ondarea aldarrikatzeko.
Maiatzetik irailera bitartean, Juanita Larando patatxa erako ontzia herririk herri ibiliko da, euskal kultureak itsasoagaz daukan loturea aldarrikatuko dauen itsas zeharkaldi barezi baten. Elkano Fundazinoak, Albaolak eta Donostiako Itsas Museoak ipini dabe martxan Elkano Itsas Herria izeneko ekimen hau, Juan Sebastian Elkano getariarrak gidatutako espedizinoaren 500. urteurrenaren kontura.
XVIII. mendeko ontzi baten erreplikea da Juanita Larando. Gitxi gorabehera hogei herritan egingo ditu geldialdiak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean. Leku bakotxean jarduera ugari egingo ditue, itsasoko kultureagaz lotuak eta herritarren parte-hartzea helburu dabenak.
Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dabenez, euskal kostalde guztian itsasoagaz lotutako kultura bat eta bakarra egon da menderik mende, eta berau aldarrikatu eta berreskuratzea izango da helburuetako bat.
Euskal Herriko gizartea, kulturea eta ekonomia itsasora begira garatu izan dira, mundurako zubi edegia dalako, adierazo dau Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusi eta Elkano Fundazinoaren patronoak. Ez zan kasualidadea izan euskal nabigatzaile batek munduari birea emoteko ezagutzea eta gaitasuna izatea. Elkano herri baten itsas kulturearen isla da.
Elkanoren figurea behar dan moduan ezagutzera emongo dauelako, Albaolakoak pozik dagoz zeharkaldian parte hartzeaz, bertako zuzendari Xabier Agoteren arabera. Baina Elkanoren lorpenez harago, itsasoagaz lotutako lanbideak eta jarduerak bizibarritzeko aukerea be izango dala ganeratu dau Xabier Alberdik, Euskal Itsas Museoaren zuzendariak.
Zeharkaldia Pasaian hasiko da, maiatzaren 26-29an, bertako Itsas Festibalagaz bat eginda. Azken geldialdiak Ziburu eta Donibane Lohizunen izango dira, irailaren 18an. Tartean, irailaren 6an, Getarian egingo dan Elkanoren Lehorreratzearen Jaian be izango da Juanita Larando. Barakaldon, Bilbon, Portugaleten, Elantxoben, Ondarroan eta Lekeition izango dira Bizkaiko geralekuak, besteak beste.
Ontziagaz batera, herririk herri erakusketa ibiltari bat joango da. Horrezaz gan, geraleku bakotxean antolatuko diran jarduerak danetarikoak izango dira: Berbaldiak, bertsolariak, musikea, jantzea, tailerrak eta, Juanita Larando-n bertan, nabigatzen ikasteko urteerak.
Informazino eta argibide zehatzagoak hemen (PDF).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!