'Euskadiko Urak' liburua aurkeztuko dabe gaur Donostian
2022-05-09 13:39 KultureaUraren Euskal Agentziak (URA) egin dau, Joaquín Araujo naturalisteren zuzendaritzapean.
Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzeari atxikita dagoan erakundeak, Donostiako Aquariumean aurkeztuko dau gaur maiatzak 9, 18:00etan Euskadiko Urak liburua: erretratu eta marrazkiz osotutako liburua, Euskadiko ingurune natural esanguratsu eta berezienetako batzuen garrantzia nabarmentzeko. Aurkezpen-ekitaldian Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta URA-ko talde teknikoa izango dira.
Liburuak uraren magia erakusteko erretratu-ibilbidea marrazten dau, batzuetan, Lurraren gainazalean zehar ibaiak eta errekak nabarmenduz eta, beste batzuetan, lurrean sartuz, lurraren erraiak zulatuz edertasun-barrunbe osoak sortuz, ondoren, iturri eta iturburuetatik azaleratzeko, barriro be ibaia bilatuz, itsasora heldu arte eta, han, barriro hasi.
Era berean, liburuaren erretratu adierazgarrienakaz erakusketea edegi dabe Donostiako Portuan, Lasta plazearen parean, maiatzaren 9tik 29ra bisitau ahal izango dana. Erakusketara erretratu eta marrazki piloa batu ditue, liburuan jasotakoak. Erretratuek ur-inguruneko paisajeak erakusten ditue urteko hainbat momentu eta sasoitan, baita ur-inguruneari lotutako bizitzea be, pizti eta landareen irudien bidez.
Erakusketeak liburuaren osogarri didaktiko eta dibulgatiboa da eta helburua da ur-ingurunea hobeto hobetzea: ibaiak, errekak, lakuak, hezeguneak, akuiferoak eta estuarioak natura-ondare legez, bizitzeari eusteko baliabide natural barriztagarri garrantzitsuena gordeten dabenak: ura.
Urari lotutako espazioak bizitzea ganezka daben inguruak dirala zabaldu nahi da: ugaztunak, ornobakoak, insektuak, odonatoak, arrainak, anfibioak, hegaztiak eta ibaiaren benetako babesa dan ibaiertzeko basoa, habitat egokia errazten dauen basa-bizitzearen babeslekua. Era berean, eguzkiaren energiak elikatzen
dauen ziklo hidrologikoari balioa emoten jako.
Herritarrak sensibilizetako ahalegina be ezin ahaztu, ur-ekosistemek daben garrantzia eta gizarteari eskaintzen deutsezan zerbitzu eta onurak eta ekosistema horreek konserbetako erronkan erantzukizuna sustatzeko beharra.
Proiektua Mikel Arrázola, Pedro Odriozola, Eneko García de Madinabeitia, Joseba del Villar, Íñigo Gómez de Segura, José María Sanz de Galdeano, Brian Webster, Conrado Tejado, Jorge González, Sergio Laburu, Gaizka Aranguren, Julen Toquero, Alfredo San Juán edo Fernando Linaresek emondako erretratuakaz bideratu da. Zehetasunez betetako Norberto Fuenteren ilustrazino errealistak ahaztu barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!