Bizikletea ardatz daben jarduerak egingo ditue Bilbon
2022-05-09 12:57 Pil-pileanMaiatzean eta bagilean datoz Domeketan bizikletaz jardunaldiak.
Urian bizikletearen erabilerea handitzeko asmoz Bilboko Udalak antolatzen dituan ekimenei beste bat gehituko jake laster, Domeketan bizikletaz jardunaldiak hain zuzen. Arenalean egingo dira jarduerak, maiatzaren 22an eta bagilaren 5ean eta 26an. Izenburuak dinoan lez, domekak dira hiru egunok.
Udaleko Jasangarritasun eta Mobikortasun Sailagaz batera, Euskadi Fundazinoa dabil antolatzaile, eta Bizi Eskola laguntzaile. Herritarrek bizikletea erabili deien animetako, familientzako ginkanak, trebetasun probak eta halakoak egingo dira Arenalean. Ganera, erakusketak eta bizikleten bigarren eskuko azokea be atonduko ditue.
Nora Abete zinegotziak azaldu dauenez, familietan mobikortasun aktiboa bultzatzea beharrezkoa da, bizi-kalidadea eta osasuna hobetzen ditualako, ohitura jasangarriagoa izateaz gan. Arenaleko jarduerak aproposak izango dira batez be umeak urian mobitzeko beste modu batera, hau da, modu jasangarri eta osasungarri batera, ohitu daitezan, Abeteren esanetan.
Euskadi Fundazinoko Andoni Madariagak ganeratu dau alferrik dala txirrindulari profesionalak eredutzat jartea, gero ume eta gazteen artean bizikletearen onurak ez badira zabaltzen. Txirrindularitzeak eta bizikleteak ezinbesteko balioak transmitiduten ditue edozein gazteren garapenean, dino Madariagak. Ekintzok beharrezkoak dira, zalantza barik, gure ekosistema jagoteko erronkan praktika osasuntsuagoak, jasangarriagoak bultzatzeko.
Bigarren eskuko bizikleten azokan, erraztasunak emon nahi jakez erabilten ez daben bizikletaren bat daukienei berau saltzeko, edo bizikleta merke bat eskuratu nahi dabenei. Ekonomia zirkularra bultzatzeko bidea da, azken baten. Izena emon behar da azokan parte hartzeko, Euskadi Fundazinoaren bidez.
Trebetasun probetan be izena emon behar da, eta 6 eta 14 urte bitartekoek hartu ahal izango dabe parte. 400 metro koadroko eremua atonduko dabe Arenalean, gazteek era guztietako trebetasunak erakutsi deiezen. Bakotxak bere bizikletea eroan behar dau. Familientzako ginkanan, ostera, bizikletaz aparteko proba batzuk be gainditu beharko dira: Bilbori buruzko galderak, argazki-rallya...
Azkenik, erakusketak be ikusi ahal izango dira, esate baterako, pinoi finkoko bizikleten ingurukoa, elektrikoen inguruko beste bat... Chopper Eguna be egingo dabe.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!