Begoña Guillen Monterok irabazi dau Bilboko Kanposantuko I. Argazki Lehiaketea

Bizkaie! 2022-05-06 10:53   Kulturea

Eduardo López Arceo eta Jesús Ángel Esteras López be saritu ditue.

Hiru sarituak eta Yolanda Díez zinegotzia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Proposamen bitxia egin eban Bilboko Udalak apirilaren 23an: Udal Kanposantura joan eta argazki artistikoak egitea. Holan jaio zan Bilboko Kanposantuko I. Argazki Lehiaketea. Lehenengo edizinoan 25 lagunek hartu eben parte eta Udalak orain zabaldu dauenez, Begoña Guillén Montero da irabazlea. Itxaropenik eza izeneko argazkia da berea.

Beste saritu bi be izan dira: Eduardo López Arceok bigarren saria eskuratu dau, Txoria txori izeneko erretratuari esker; hirugarren Jesús Ángel Esteras López izan da, Zerua laztantzen lanagaitik.

Epaimahaian ibilbide luzeko argazkilari bi egon dira, Ignacio Pérez eta Óscar González; baita Bilboko alkateorde eta Osasun eta Konsumo Saileko zinegotzi Yolanda Díez eta Bilbao Zerbitzuak-eko zuzendari José Antonio Fernández be.

Lan irabazleen originaltasuna, kalidade teknikoa eta estetikoa, sensibilidadea, gaitasun kritikoa eta komunikatiboa nabarmendu ditu epaimahaiak. Bilboko udal Kanposantuko heriotzearen inguruko artea esanahirik zabalenean agertzea zan lehiaketearen asmoa, eta irabazleek idea hori ondo erakutsi dabela be ganeratu dau. Sarituez aparte be maila handiko erretratuak aurkeztu diranez, irabazleak aukeratzea gatxa izan dala autortu dabe epaimahaikideek.

Kanposantuko ondare artistiko eta kulturala gizarteratzeko asmoz antolatu dau lehiaketea Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo Sailak, baita sormena bultzatzeko be. Hilerria parte hartu daben argazkilarien objektibotik ezagutu ahal izan dogu, eta are ederrago egiten daben xehetasun asko emon deuskuez. Obren kalidadea ikusita, helburua bete dogula emoten dau, adierazo dau Yolanda Díez zinegotziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu