Teresa Catalán, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanidadeak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria
2022-05-05 13:45 KultureaGazte Saria Arte Ederretan doktore dan Imanol Zubiauzek irabazi dau.
Holan ebatzi dau sariaren epaimahaia osotzen daben Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibersidadeetako eta Musikeneko ordezkariek, baita Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariek be. Catalán konposizino garaikideko egile ospetsu eta garrantzitsuenetako bat da gure herrian. Gainera, egitate musikalaz dauen ikuskereagaitik eta kultureagaz dauen konpromisoagaitik erreferente da etikan eta irakaspenean. Sortzaile emonkorra, talentuaren eta zintzotasun artistikoaren buztarketeak ahalbidetzen dauen estilo propioa lortu dau. Teresa Catalán konposizinoko lehenengo emakume katedraduna izan da
Espainiako musika-hezkuntzearen historian eta hainbat musikari-belaunaldi trebatu ditu. Hori dala eta, haren katedrea erakargarritasun handikoa izan da era guztietako ikasleentzat.
Era berean, konpositore eta irakasle lez musikeari eskaini deutson dedikazino askotarikoagaitik nabarmentzen da. Jarduera asko eta asko sustatu ditu sorkuntza garaikidea zabaltzearen alde, ikasle eta lankideen lana barne. Betiere interes kolektiboa distira pertsonalaren aurretik jarrita.
Azkenik, epaimahaiak azpimarratu nahi izan dau sarituak konposizinoan, hezkuntzan, sustapenean eta kudeaketan egin dauen ibilbide luzea, izan be, epaimahaiak azpimarratu dau eskarmentu horrek ikuspegi pribilegiatua emon deutsola kultureak eta musikeak hazkunde personalerako eta bizi-kalidade kolektiborako dauen garrantziari buruz. Nafarroako Kulturearen Kontseiluko partaide izanik, Teresa Catalánentzat kultureagazko konpromisoa gure gizartearen aurreko konpromisoa dala.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria
Arte Ederretan doktore dan Imanol Zubiauz izen artistikoa dauen 32 urteko gazteak irabazi dau Pidgin proiektuarengaitik. Balearen arrapauketearen sasoian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.
Ikerketa artistikoari, antropologikoari, identidadeari eta memoria kolektiboari lotuta dagoan proiektua da Pidgin, izan be, izen horregaz ezagutzen dira hartu-emonik bako hiztun komunidade bik alkar ulertzeko sortzen daben hizkuntzeari. Alkarren arteko merkataritzea ahalbidetzeko, kultura bien lotureak,
euskerearen eta islandierearen arteko proto-hizkuntza bat sortu eben eta horren adierazle, 700 berba inguru dituen eskuizkribu bi dagozala argitu dau epaimahaiak. Euskerearen erabilerea, islandiereagaz sortutako hizkuntza barrian eta itsas-kulturea dira proiektuaren ardatz nagusiak eta bere ikerketaaren aurreko dokumentuak berreskuratzeaz gan, erreproduzino barriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu eta berariaz sortutako euskarrietan aditzera emongo da. Hori guztia, gainera, sasoi haretako fikzinozko marinel batek bizi izandako bizipen eta gomuta forman gogora ekarriko dau.
Sariari esker, lana egiteko 6.000 euroko ordainsaria jasoko dau.
Imanol Zubiauz Zumarragan jaio zan. Arte Ederretan Doktore, Cum Laude aitamena jaso eban 2020an eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterra da. Goi-mailako ikasketak be baditu irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan. Ikerlan eta hainbat argitalpenen egilea da. Holan, epaimahaiak azpimarratu nahi izan dau artista gaztearen formakuntza zabala eta ibilbide artistiko oparoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!