Kaleko arteak bultzatzea helburu, bueltan da Leioako Umore Azokea
2022-05-05 13:42 KultureaMaiatzaren 19tik 22ra, bertoko eta kanpoko 40 konpainiaren ikuskizunak.
Kultur Leioan aurkeztu dabe XII. Umore Azokearen egitaraua. Maiatzaren 19tik 22ra bitartean egingo da jaialdia, Leioako Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Kaleko arte eszenikoen erreferentea dan arren, aurreko urte bietan bertan behera itxi edo dataz aldatu behar izan dabe pandemiagaitik, baina indartsu bueltauko da, diziplina guztiak kontuan hartzen dituan programa oparoari esker, aurkezpeneko protagonistek nabarmendu dabenez.
Iban Rodriguez alkateak, Joxean Muñozek (Eusko Jaurlaritzea) eta Mikel Etxebarriak (Bizkaiko Foru Aldundia) hartu dabe parte Kultur Leioako agerraldian. Eva Guerrero konpainiaren eta Trakamatraka musikariaren emonaldi laburrak be hartu ditu ekitaldiak.
Umore Azokeak eutsi egin deutse helburuei, hau da, kaleko arteen garapen industriala sustatzea eta herritarrei kalidade handiko proposamen kulturalak hurreratzea. Horretarako, Euskal Herriko konpainia nagusiei euren ikuskizunak aurkeztu ahal izateko gunea eskaintzen deutse, eta arte eszenikoetako azken jokeren erakusleiho da programatzaile, banatzaile, sektoreko profesional eta publikoarentzat.
Aurtengo edizinoan parte hartzeko 550 proposamen jaso ditue Leioako programatzaileek, eta, beraz, lan handia izan dabe aproposenak aukeratu eta egitaraua atontzen. Maiatzaren 19tik 22ra, gero be, 40 konpainiaren 90 ikuskizun egongo dira. Tartean dagoz Euskal Herriko 19 konpainia.
Leioako auzoetako plaza, kale eta agertokietan gozau ahal izango da ikuskizunez, herri guztian 18 gune atonduko dituelako Umore Azokan.
Edizino honetan, jantzeak zeresan handia izango dau. Dantzaz konpainiak Leioako kale, plaza eta tabernetan Dantzapote ikuskizuna eskainiko dau; bost jantzari jente tartean ibiliko dira. Hika Teatroak Gazte dakar, gazteakaz egindako ikuskizuna, jantza tradizionaletik abiatu eta garaikidera eta hip-hopera heltzen dana. Eva Guerreroren LOF Ladies on Fight be aitatzekoa da.
Jantza bertikaleko Harria herria ikuskizunean, Harrobi Dantza Bertikala-Dimegaz konpainiako lau emakume protagonistek eskalau eta jantzan egiten dabe, Oreka Tx-en txalapartea lagun. Max Sarietan hautagai izan zan.
Beste alor batzuetan be goi mailako proposamenak etorriko dira Leioara. Zirkuan, Orain-Bi konpainiaren Mute, Trapecionista Kia-ren Artxipielago eta La Pez taldearen Rotonda circus dagoz egitarauan, besteak beste. Musikea oinarri, Demode Quartet sobre ruedas ikusi ahal izango da eta, testurik bako antzerkiari jagokonez, Erre Produkzinoak-en El parque de los hermanos Grimm.
Gai sozialek be lekua izango dabe ikuskizun batzuetan. Maduixa konpainiak emakume migratzaileen errealidadea agertuko dau eta Visitants-ek Espainiako II. Errepublikatik Gerra Zibilerako urteak erakutsiko ditu.
Aurreko edizinoetan lez, egitarau nagusitik aparte, profesionalentzako jarduera osogarriak egongo dira Leioan Umore Azokeagaz batera. Plazaratu izeneko saioan, kaleko arte-proiektuak aurkeztuko deutsiez programatzaileei, eta Sorburu dalakoan, lau konpainiak euren sormenen hazia erakutsiko dabe, hurrengo denboraldian ikusiko dogunaren aurrerapen lez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!