Joan Miróren eskultura bi jarri ditue Chillida Lekun
2022-05-04 08:15 KultureaMiró Zabalagan erakusketearen aurrerapena da.
Maiatzaren 21ean Chillida Lekuk Miró Zabalagan erakusketea zabalduko dau, Joan Miró eta Eduardo Chillida alkartu eban adiskidetasunaren omenezko erakusketea. Horren aurrerapena dira Oiseau Solaire eta Femme, hain zuzen be, artista katalanaren eskultura bi, Fundació Joan Miró Bartzelonatik inoiz atara ez diranak eta Zabalaga baserriaren kanpoaldean jarri diranak.
Erakusketea Fundación Iberdrola España babesari esker dator, baita Fundació Joan Miró Bartzelonaren eta BBVA Bildumearen lankidetzeari eta Centro Botín, Fundació Pilar i Joan Miró a Mallorca eta beste bilduma pribatu batzuen babesari esker be.
Gainera, eskultura monumental bi horreen kasuan, garrantzitsua izan da TTI SAU Grupo Bovis eta Cementos Rezolaren lankidetzea.
Oiseau Solaire (1968)
Tona biko txoria da, Carrarako (Italia) marmolagaz egina. Zabalaga baserrira doan bidearen goialdean kokatua, pieza monumental hau Joan Mirók Montroigeko bere tailerrean izandako idea bat oinarri hartuta sortu eban 1946an.
Obrea baserriko lehen pisuan ikusi ahal izango da maiatzaren 21etik aurrera.
Eskultura horretan oinarrituta Joan Mirók brontzezko serie txiki bat egin eban, 1966an neurri handiagoko bersino bati heldu eutson arte eta, horri esker, kanpoalderako bere lehen obrea egin eban. Aurrerago, 1968an, marmolezko hiru eskultura zizelkatu zituan eta horreetako bat Aimé Maeght Fundazinora bideratu eben eta bestea, orain Chillida Lekun ikusgai dagoana, Bartzelonako Fundació Joan Mirórentzat izan zan.
Txori erraldoi hau Fundació Joan Mirótik lehen aldiz atara dabe. Bertan egon da Marguerite eta Aimé Maeghtek dohaintza personala egin ebenetik. Hasieran piezea Fundazinoaren kanpoaldean instalau baeben be, 1987an erakusketa aretoetako batean kokatzeko erabagia hartu zan eta leku horretan dago ordutik. Jacques Dupin poetearen eretxiz, hegan egiteko asmorik ez dauen txoria da.
Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak dinoanez, irudi sakratu moduko bat da, eraldatzen dagoan masa zuri bat, Miróren mundu sinbolikoa eta natureari, kosmosari zor jakozan forma organikoak aitatzen dituana.
Oiseau Solaire honen brontzezko bersinoa izan zan Mirók material hau erabiliz egin eban lehenengoa.
Femme (1970)
Joan Miró, Mujer, 1970. Fundació Joan Miró, Barcelona. Erretratua: Mikel Chillida.
Zabalagako kanpoaldeko harriztatuan jarri da. Brontzez urturik, Mirók bost ale egin zituan eta horreen artean museoan ikusi ahal izango doguna dago, 1997an urtua. 350 kilo baino gehiagoko pisua dauen eskultura hau marraskilo maskor batez koroatuta dago, artistearen begitazinozko espiral eta ikonoaren sinboloa, emakumeen unibersoa gogora ekarten dauena.
Fundació Joan Miró Barcelonak 1997ko garagarrilean erosi eban pieza hau eta erakundearen aretoetan modu iraunkorrean instalauta dago. Chillida Lekun, baserriko armarriaren aurrean ikusi daiteke obra hori. Mirók eguneroko material eta objektuakaz eregitako personaia eskultura batzuk erakusten ditu, bisitariak baserrian bertan topau ahal izango dituanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!