Jasangarritasunean aitzindari izango da Bilboko Guggenheim
2022-04-29 13:49 KultureaBere karbono aztarnea neurtzen dauen munduko lehenengo museoa da.
Mende laurena ospatzeko ekitaldietan bete-betean sartuta dagoala, Bilboko Guggenheim Museoak ingurumenaren eta jasangarriatsunaren alde aurrerapausu nabarmena egiteko asmoa be agertu dau. Sektorean aitzindaria dan jasangarritasun plana aurkeztu dau, museoaren jarduereak eragindako aztarna ekologikoa neurtu eta ahalik eta txikiena izan daiten.
Hasteko eta behin, sortzen dituan zuzeneko isurketen eta 2019an eragindako zeharkako isurketen zati handi baten karbono-aztarnea kalkulau dau museoak: 4.313 tona izan dira guztira. Zeharkako emisinoen kalkuluari 3 irismena deritxo eta ezinbestekoa da eguneroko jardueran energia-eraginkortasuna eta aurrezpen aukerak identifiketako.
Munduan pausu hori egin dauen lehenengo museoa dala azpimarratu dabe Guggenheimeko arduradunek. Artelanen garraioak eta langileen joan-etorriek daben karbono-aztarnea kalkulau eta ziurtatu dau, emisino guztien herena, hain zuzen.
Kalkulu horreei esker museoak ingurunean dauen eragina eta beronen ezaugarriak sakonago ezagutu ahal izan diranez, energiaren eta baliabideen konsumoa murrizteko neurriak hartuko dira aurrerantzean. Hona hemen zeintzuk diran:
- Artelanak paketetako orduan alokairua lehenestea, kaxa barriak fabrikau beharrean.
- Artelanen garraioa beste erakunde batzukaz batera egitea, ontziratze esklusiboak saihestea eta, ahal dala, gainbegiratzeak modu birtualean egitea, personen joan-etorriak gitxitzeko.
- Horma barri gitxiago fabriketea eta erakusketetako eszenografiak berrerabiltea edo egokitzea.
- Elementu museografikoak bertoko beste erakunde batzukaz konpartidutea (Bizkaikoa, BilbaoArte...), adibidez, idulkiak, oinazpikoak edo erakusleihoak, horreek berrerabili ahal izateko.
Ingurumenaren aldeko jarrerea batzen dauen Marko Estrategikoa be diseinau dabe Guggenheimeko arduradunek, Nazino Batuen Erakundearen Agenda 2030eko printzipioakaz bat datorrena. Museoaren alor guztietako personen artean hau guztia zabaltzeko, Gu-Zero disziplinarteko lantaldea be martxan hasi da.
2022ko Ekintza Planean, besteak beste, aitatzen da museoaren erakusketen programazinoak ingurumenaren inguruan gogoetea eta sensibilizazinoa sustatzeko jarduerak izango dituala. Etorkizuneko mobikortasun jasangarriaren inguruko mintegia be egingo dabe eta karbono-aztarnea neurtzeko ahaleginari eutsiko deutse.
Ganera, eraikinaren barrualdea berrantolatuta eta hirugarren solairuko jatorrizko eraketea berreskuratuta, argiztapen dinamikoko proiektuari ekingo deutso Guggenheimek. Sabaiko leihoak zabalduta, eguzki-argia eta LED argiak modu automatikoan buztartuko dituan argiztapena da helburua. Energia fotovoltaikoa sortzeko azpiegiturea ipintea be aurreikusi dabe.
Orain egin dan aurrerapausua azkenaldion Guggenheim Museoak ingurumenaren alde agertu dauen jarrerearen parte da. Izan be, lehenago hartu izan ditu neurri bereziak jasangarritasunaren alde: LED teknologia, arazteko tratamendua eta Puppy instalazino artistikoa erabarritzea, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!