Nano-istorioen lehiaketea martxan lehenengoz
2022-04-29 12:29 KultureaGazteen artean nanozientziaren inguruko jakinmina sustatzea da helburua.
CIC Nanogune zentroak literaturea eta zientzia buztartzen dituan ekimen barria ipini dau martxan, Nano-Istorioen I. Lehiaketea hain zuzen. Eskala nanometrikoko fenomenoak eta horretaz arduratzen dan zientzia gazteen artean ezagutzera emotea eta interesa sortzea dira helburuak. Izan be, antolatzaileen arabera, nanomundua txikia baina askotarikoa da.
Gehienbat ikasleei begirako lehiaketea da honako hau. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan dabizanek hartu leikie parte, baita mundu zabaleko beste gazte euskaldunek be. 14 eta 17 urte bitartean izan behar ditue, hau da, DBHko azken urteetakoak, Batxilergokoak eta Oinarrizko zein Erdi Mailako Lanbide Heziketakoak. Kategoria bi egongo dira, A (14-15 urte) eta B (16-17).
Parte hartu nahi dabenek gehienez 200 berbako istorioak idatzi beharko ditue (persona bakotxeko bat), euskeraz edo gaztelaniaz. Kontakizunen generoa librea da: zientzia-fikzinoa, abenturea, gai sozialak... Olerkiak, abestiak eta halakoak be onartuko ditue. Nanozientziagaz edo nanoteknologiagaz zelan edo halan lotuta egon beharko dira aurkeztutako lanek.
Maiatzaren 20a baino lehen bialdu behar dira idazlanak. Ikusi oinarriak hemen.
CIC Nanogunearen nano-istorio lehiaketea 10alamenos9 Nanozientzia eta Nanoteknologiaren Jaialdiaren parte da. Horregaitik, fase bi izango ditu, bata Euskal Autonomi Erkidegokoa eta bestea nazinoartekoa. Lehen faseko irabazleei Eureka Zientzia Museorako sarrerak emongo deutsez. Bigarren fasean lurralde bakotxeko onenak lehiatuko dira eta tablet bat izango da sari nagusia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!