Gernikako Astra babeslekuan memoria historikoa berreskuratu dabe
2022-04-28 12:49 KultureaErakusketa iraunkorra eta 1937ko bonbardaketearen lekukotzak ipini ditue.
Gernikako Bonbardaketearen 85. urteurrena bete dan astean, Astrako babeslekuaren memoria historikoa gizarteratzeko instalazino barria aurkeztu dabe Gernika-Lumoko Udalak, Eusko Jaurlaritzeak eta Gogora Institutuak. Gerran eregitako egiturea da Astrakoa, eta ezinbesteko lekua bonbardaketek urian izan eben eragina ulertzeko. Astra eta Talleres de Guernica fabriketako beharginak babesteko eregi eben.
Aurrerantzean, beraz, Astrara doazan bisitariek Gernikako Bonbardaketearen lekuko biren azalpenak entzun ahal izango ditue, Sebastian Uria eta Maria Olabarriarenak. Momentu larri haretako gomutak bizibarritu ditue era horretara, grabazinoen bidez. Euskerazko bersinoa Kirmen Uribek eta Onintza Enbeitak egin dabe, eta, gaztelaniazkoa, Celes Pertikak eta Mila Artetxek.
Babeslekuaren kanpoaldean, bestetik, bost paneleko erakusketa iraunkorra zabaldu dabe. Bertan kontetan dira Astrako inguruaren ganeko jakingarriak eta gerran babeslekuan jazo ziranak. Xabier Irujo historialariak atondu ditu paneleko edukiak.
Modu honetara, Astrako babeslekuaren memoria historikoa berreskuratzeaz gan, Gernikako Bonbardaketea ezagutzeko ibilbide autogidatuaren edukiak osotu ahal izan dira. Gernika (1937-04-26) izeneko proiektu hori 2018an definidu eben eta, Astratik aparte, Pasealekuan berreskuratutako babeslekuak eta hainbat informazino-panel ditu.
Orain zabaldutako instalazinoaren lagungarri, Gernika 1937-04-26 argitalpenaren bigarren edizinoa plazaratu dabe, Astrako bost paneletako informazinoa gehituta. Papelean zein bersino digitalean eskuratu leiteke. Era berean, Gernikako babeslekuen ibilbidea egiten laguntzen dauen eskuorria argitaratu dabe, euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Hau Turismo Bulegoan hartu leiteke.
Astrako memoria berreskuratzeko instalazinoak aurkeztu eta zabaltzeko ekitaldian Jaurlaritzako sailburu bi egon dira, Bingen Zupiria eta Beatriz Artolazabal; Gogoraren izenean, Aintzane Ezenarro zuzendaria; Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroño; eta baita Xabier Irujo historialaria be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!