Bilbon 6.070 plaza dagoz udako aisialdi hezigarriko programetan
2022-04-28 10:36 KultureaApirilaren 29an zabalduko dabe udalekuetan izena emoteko epea.
Bilboko Udalak uriko ume eta gaztetxuentzako aisialdiko aukera zabala atondu dau udarako, heziketea, osasuna eta kulturea lehentasun dirala. Udalekuak, kirol jarduerak eta musikea dagoz aukeran, bost programatan banatuta eta 3 eta 18 urte bitartekoak gogoan. Danetara, 6.070 plaza dira.
Helburua da laneko eta familiako bizimodua buztartzen laguntzea, Udalak azaldu dauenez. Aldi berean, lekuak eta aukerak eskainiko ditue umeek trebetasun barriak eta jokoak ezagutzeko eta ingurukoakaz hartu-emonak sustatzeko.
Urtero arrakasta handia izaten daben programak dira udalekuak. 2022ko eskaintzan, egun osoko zein goizeko udalekuak dagoz aukeran. Bagiletik abuztura egongo dira egun osokoak martxan, eta ordutegi malgua zein jantokia izango dabe, familia guztien beharretara egokitzeko. Uriko hainbat ikastetxetan egingo ditue, asterik asteko txandetan. Goizeko udalekuak, ostera, bagilean eta garagarrilean baino ez dira egongo.
Apirilaren 29an zabalduko dau Udalak udalekuetan izena emoteko epea. 2010 eta 2018 urteen artean jaiotakoak apuntau leitekez, eta plazak emoteko zozketea egingo da gero. Familia zaurgarrietako umeentzako plaza batzuk gordeko ditue.
Udalekuen informazino gehiago eta izena emoteko bidea hemen.
Aurtengo egitarauak dakarren beste aukera bat kirolari lotutako aisialdiarena da. Udan primeran kirola eginez lemapean, 6 eta 13 urte bitarteko umeek badmintona, saskibaloia, hockeya, areto-futbola, uretako kirolak eta beste modalidade ugari ezagutu ahal izango ditue.
Deustu, Errekalde, Txurdinaga, San Inazio eta Artxandako kiroldegietan izango dira jarduerok, eta asteka emon ahal izango da izena. Maiatzaren 6an hasiko da eskariak egiteko epea. 2.285 plaza dagoz, batzuk dibersidade funtzionala dabenentzat gordeta.
Aisialdi osasungarri eta aktiborako beste aukera bat Kirol Campusak dira, Txurdinaga, Errekalde eta San Inazioko kiroldegietan. 6 eta18 urte arteko gazteentzat da eta kirol ugari dagoz: gimnasia erritmikoa zein artistikoa, rokodromoa, erraketa-kirolak...
Kirol jardueren informazino gehiago eta izena emoteko argibideak hemen.
Azkenik, udaleku musikalak be antolatu ditu Bilboko Udalak, 4 eta 12 urte bitartekoentzat. Hiru txandatan 320 plaza dagoz eta maiatzaren 2tik emon ahal izango da izena. Musikea eta bestelako gaitasun artistiko batzuk landuko ditue, esate baterako, arte plastikoak, sormena, kantua, jantzea, antzerkia eta olgetak.
Udaleku musikalen informazino gehiago eta izena emoteko bidea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!