Javier Quislant eta Teresa Catalán-en obrak estreinauko ditue BOS eta OSE orkestrek
2022-04-27 09:39 MusikeaHitzorduak apirilak 28-29 eta maiatzak 19 izango dira.
SGAE-k estreinaldi barri bi dakarz ditu Euskadin bere Musika Sortzeko Pizgarrien programearen barruan. Espainiako Orkestra Sinfonikoen Alkarteagaz (AEOS) izandako lankidetzeari esker, Javier Quislant-en Tiempo silente, Bilbao Orkestra Sinfonikoagaz (BOS) apirilaren 28an eta 29an eta Teresa Catalán-en La victoria vacía, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, maiatzaren 13an. Kontzertuak Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditorioan izango dira (Abandoibarra Ibilbidea 4), 19:30ean.
Javier Quislant-en kontzertuen egitaraura (apirilak 28 eta 29) batu ditue Pini di Romaren lau mobimenduak (1924an Ottorino Respighi maisu italiarrak sortutako obra sinfonikoa) eta Joseph Jong Liejako konpositorearen Organo eta orkestrarako Sinfonia kontzertatzailea (1928an Bruselan estreinautakoa). Kasu honetan, hesiak apurtzen ohitutako musikari baten laguntzeagaz, hau da, Taylor Cameron Carpenter organo-jotzaile iparramerikarra, 2009an Grammy Sarietarako izentautako lehenengo organo-jotzailea eta Musika Instrumental Bakarlari Onenaren Grammy Saria irabazi ebana. Erik Nielsen estadubatuarrak zuzenduko dau BOS, 2015etik talde bilbotarraren zuzendari titularrak. 1922an emon eben haren lehen kontzertua eta hori dala-eta mendeurrena ospatzen dabiz Bilboko musikagileak.
Bestalde, Teresa Catalán-en entzunaldia Elkano: Mundubira musika bidelagun izeneko kontzertu-programearen barruan kokatzen da, Elkano Fundazinoak bideratuta. Euskadin ez eze, SGAE Fundazinoak eta AEOSek enkargautako La victoria vacía obrearen erabateko estreinaldia emongo da berorren barruan. Maiatzaren 13ko hitzorduaren osogarri Asier Polo biolontxelo jotzaile bilbotarra izango da, 21 urte zituala orkestra bategaz debuta egin eban obrea defendiduko dauena eta ordutik beti alboan izan dauena: Edwuar Elgar-en Biolontxelorako kontzertua (Sussex, Ingalaterra, 1919). Kontzertua amaitzeko, XX. mendeko bigarren erdiko sinfonia frantses garrantzitsuenetako bat entzun ahal izango da, Henri Dutilleuxen 1. sinfonia, hain zuzen be. Robert Treviño estadubatuarrak zuzenduko dau EOS. Haren zuzendari titularra dogu 2017tik.
Javier Quislant
Javier Quislant Garcíak (Bilbo, 1984) konposizino eta teoria musikaleko ikasketak egin ditu eta, aldi berean, piano, saxofoi eta gitarra elektrikokoak, hainbat konserbatoriotan. Goi-mailako graduazinoa Bartzelonako Goi Mailako Musika Konserbatorioan eta Grazeko (Austria) Musika eta Arte Eszenikoen Unibersidadean. Autortzen artean, 2020ko MAEC - AECID Espainiako Errege Akademiaren Erroman Bekea, 2020ko BBVA Fundazinoko Ikertzaile eta Kultura Sortzaileentzako Leonardo Bekea edo 2018ko INAEM Espainiako Alkargoaren XXIV Konposizino Saria Parisen dira nabarmenenak. Haren katalogoak ensemble, orkestra, abesbatza eta ganbera-operarako era guztietako lanak batzen ditu, nahiz eta bere motibazino artistikoetako bat zinemearen eta literaturearen arteko loturea izan. Espainia, Austria edo Frantziako hainbat talde eta orkestratarako lanak sortu eta hiru disko grabau ditu, bide batez. 2019-2020 urteetan Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Alkartearen presidentea izan zan.
Teresa Catalán
Teresa Catalán Sánchez (Iruñea, 1951) musikagintza sinfoniko garaikidean dabilen egilea da. Valentziako Unibersidadearen eskutik Artearen Filosofian doktore da eta, besteak beste, Musikearen Sari Nazionala, Nafarroako Gobernuaren Kulturearen Vianako Printzea eta Espainiako Gobernuaren Arte Ederrren Urrezko Dominea irabazi ditu, 2017an lehena, azken bi honeek, ostera, 2021ean. Bere jaioterriko Pablo Sarasate Konserbatorioan amaitu zituan ikasketak eta, ondoren, Sienan (Italia). 1990ean, Konposizino, Instrumentazino eta Musika Formen katedrea lortu eban oposizino bidez, Madrilgo Goi Mailako Musika Konserbatorioan, eta bertan dabil gaur egun be katedradun. Arte Eszenikoen eta Musikearen Estauko Kontseiluko, Musikearen Kontseilu Artistikoko eta Real Antzokiaren Kontseiluko kide be izan da, baita Nafarroako Kultura Kontseilukoa edo eta Jakiundekoa be, hau da, Euskal Herriko eta Akitaniako Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea 2015etik. Haren lana hainbat herrialdetako jaialditan programau da, Europan, Amerikan, Errusian, Alemanian, Errumanian eta Frantzian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!