Miguel Arbelaiz tronboijolea izango da Bilbao Musika Bandearen gonbidatu berezia
2022-04-27 08:31 MusikeaKontzertua apirilaren 28an izango da 18:30ean, J. C. de Arriaga Konserbatorioan.
Gertuko Musikea denboraldiari amaierea emongo jako apirilaren 28an, J.C. de Arriaga Musika Konserbatorioan. Udal Musika Bandearen eta Musika Konserbatorioaren arteko lankidetza-kontzertuaren 7. edizinoa da eta bertan, musika-ikasleek ikastetxean emoten diran hainbat musika espezialidadetako trebetasunak erakutsiko ditue: Nerea García (klarinetea) eta Danel Zubeldia (saxofoia) ikasleek parte hartuko dabe, baita Miguel Arbelaiz tronboijole bikainak be. Azken programa hau Bandako zuzendari titularra dAn José Rafael Pascual- Vilaplanak gidatuko dau.
Musika taldeak erabateko estreinaldian interpretauko dau Eguzkilore obrea, eguzki-lorearen jatorriaren gainekoak oinarri hartuta Andres Alvarezen poema sinfonikoa. Era berean, taldeak Jose Serranoren El Miserere de la Montaña poema sinfonikoa, Fernando Velázquezen Lo imposible lana, Richard Wagnerren Der Fliegende Holländer tronboirako erromantzea eta Amando Blanquerren “Entornos” Alcoyko mendien sinfonia interpretauko ditu.
Hitzordu honen ostean, Bilboko Bandeak Amando Blanquer Alcoyko konpositoreari omenaldia egingo deutso maiatzaren 14an, zapatuan, 19:30ean, Alcoyko Calderón Antzokian. Haizearen sinfonia izenburupean, kontzertua José Rafael Pascual-Vilaplanak gidatuko dau eta, besteak beste, Amando Blanquerren Julio Pastor pasodoblea, L’Embaixador martxea eta Entornos sinfonia izango dira entzungai.
Miguel Arbelaiz: Tronboia / Bonbardinoa
Irunen jaioa, zortzi urte zituala hasi zituan musika ikasketak Diego Alonso Rodríguezegaz (Bilboko Orkestra Sinfonikoko Kontrabajistea). Tronboi eta Tuba ikasketak Frantzian egin zituan eta Unibersidadearen Urrezko Dominea jaso eban, André Lassus irakasleagaz Goi Mailako Ikasketak amaitu ondoren, Frantziako
Gobernuaren bekea jaso eban Pariseko CSMen ikasketak jarraitzeko J. Fourquet irakasleagaz eta Zuzendaritza ikasketak Roger Pouzeten eskutik.
Hamar urtegaz Irungo Musika Bandan sartu zan, hamaika urtegaz Hondarribiako Musika Bandan eta hamahiru urtegaz Donostiako Bandan. Guztietan izan da tronboi edo bonbaketari bakarlaria. Hamazazpi urtegaz, oposizino bidez, tronboi-plazea lortu eban BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoan. Hainbat alditan kolaborau dau Euskadiko Orkestreagaz eta Iruñeko Santa Cecilia Orkestreagaz, Bordeaux-Akitania, Symphony Orchestra of America (Washington) Mstislav Rostropóvichek zuzenduta, baita ganbera-talde batzuekaz be.
BOSeko irakasle gisa egiten duen lanaren barruan, tronpeta baxua bezalako instrumentu berezien bakarlaria da eta horretan espezializau da. Espezializazino honetan Wagner, Stravinski edo Ligettiren lanak jo ditu. BOSeko Metalen taldeagaz kontzertuan parte hartu dau Ther Williguer Municheko Orkestra
Filarmonikoko tronpa bakarlariaren zuzendaritzapean.
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren metal boskotearen sortzailea da, gaur egun Eukalduna Brass Taldea dana. Era berean, BOSeko Trombones-Tromboi Laukotea sortu dau eta talde horreekaz eta beste batzuekaz BOSen hainbat ganbera-denporalditan parte hartu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!