Hogei artista ingururen lanak erakutsiko ditue 16. Getxophoton

Bizkaie! 2022-04-27 08:37   Kulturea

Bagilaren 2tik 26ra egingo dabe Nazinoarteko Irudi Jaialdia.

Algortako kasinoan aurkeztu dabe 2022ko Getxophoto | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain arte irailean egin bada be, bagilera aurreratuta dator aurten Getxophotoren 16. edizinoa, baina ikusizko arteak espazio publikora eroan eta publikoagaz hartu-emon zuzena sortzeko helburuei eutsita. Nazinoarteko Irudi Jaialdiak 2022an dakarzan asmoen barri emoteko agerraldian izan dira Getxoko Udaleko ordezkariak (Amaia Agirre alkatea buru), Bizkaiko Foru Aldundikoakaz eta Jaurlaritzakoakaz batera eta Begihandi alkarte antolatzaileko Jokin Aspuru be bai.

Nabarmendu dabenez, mundu zabaleko hogei artista ingururen obrak ikusi ahal izango dira 16. Getxohoton, deialdi edegiari erantzun eutsen sortzaile guztien artean aukeratuak. Besteak beste, Turkia, Bolivia, Brasil eta Suitzatik datoz. Artisten zerrendea hemen.

Erakusketa gehienak aire zabalean egingo ditue, hiru ardatz nagusitan oinarrituta: Algortako erdigunea, Ereaga hondartzako pasealekua eta Romo Kultur Etxea. Ganera, lehenengoz, artisten lanak ikusi ahal izango dira Punta Begoñako galerietan, Algortako kasinoan eta Daduena etxeko fatxadan. Era berean, aurreko urteetako jokereagaz bat eginez, espazio digitala be topaleku eta programazinoko jarduera batzuen euskarri izango da.

Egitaraua atontzeko orduan, gogoan izan dabe Getxoko herriagaz alkarlanean jarduteko helburua. Herriko ostalari eta dendariek modu aktiboan hartuko dabe parte Getxophoton eta egitarauko ekintza gehienek herritarren parte-hartzea sustatuko dabe.

Esate baterako, mundu osoko jenteak bialdutako irudien erakusketa herrikoia merkatariakaz lankidetzan dator, eta erakusleihoetan ikusi ahal izango da. Bisitaldi gidatuetan, barriz, ikusizkoak ez diran arteetan dabizan sortzaileek erakusketen inguruko ikuspegia emongo dabe. Yogurinha Borova performerra, Jone Uria eta Alaia Martin bertsolariak eta Toti Martinez de Lezea konbidauko ditue, eta egunez ez eze, gauez be egingo dira bisitak.

Aurreko urteetan harrera ona izan daben jarduerak berreskuratuko ditue aurten, adibidez, Edalontzi Azpikoen Ibilbidea, pandemiaren erruz igaz egindako etenaren ostean. Lagunik Onenak Betiko, ostera, 2021ean egin zan lehenengoz, eta barriro egingo dabe. Argazkilaritza eskoletako ikasleen arteko topaketea da.

Alkarrizketei jagokenez, aurten hiru artista handi izango dira Hamaiketako saioetan: Roberto Agirrezabala bizkaitarra, David Hornback estadubatuarra (Pulitzer saria irabazitakoa) eta Elssie Ansareo mexikar bilbotartua.

Bagilaren 2tik 26ra, beraz, egitarau potoloaz gozetako aukerea izango dabe getxotarrek zein bisitariek. Espazio publikoa arteen euskarri izateko aldarrikapena oinarri, alkar ezagutzeko eta esperimentetako gune bihurtuko dira Getxoko kale, plaza eta establezimenduak.

Sofia Crespo argentinarrak adimen artifiziala erabiliz sortzen ditu fantasiazko formak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu