Pantxoa Carrere kantautorearen bakarkako bigarren diskoa da 'Esperantzan'
2022-04-26 13:18 MusikeaEñaut Elorrietak eta Xabier Euzkitzek be parte hartu dabe diskoan.
Gaur, apirilak 26, aurkeztu dabe Bilbon Esperantzan, Pantxoa Carrereren bakarkako bigarren diskoa Baga- Bigaren eskutik.
Pantxoa Carrere (Azkaine, Lapurdi, 1948) ezaguna egin zan Peio Ospitalegaz batera osotutako Pantxoa eta Peio bikoteagaz. Lau abestiko lehen EPa 1969an kaleratu eben eta danetara 11 disko luze, 2 EP eta single bat argitaratu zituan bikoteak. 2016an bikoteari agur esan eta handik aurrera Pantxoa Carrere bakarkako ibilbideari lotu jako. Anaitasunean (Elkar 2016) eta hemen dau, orain, bigarren lana: Pantxoa Carrere kantariaren Esperantzan bigarren diskoa 2021eko abenduan eta 2022ko urtarrilean grabautakoa. Nahasketak eta masterizazinoa Iruñeko Erviti Estudioan egin ditu Josu Ervitik 2022ko zezeilean. Iñaki Dieguezek hartu dau produkzino eta konponketen ardurea.
Asko dira Pantxoaren diskoan parte hartu daben eta zuzenekoaren zerrendan dagozan musikari kolaboratzaileak: Ritxi Salaberria (baxua, kontrabaxua), Igor Telletxea (bateria, perkusinoak), Angel Unzu (gitarra akustikoa, elektrikoa, mandolinea, bouzoukia), Claudia Oses (biolina), Ivan Carmona (txeloa) eta Iñaki Dieguez (akordeoia, pianoa, teklatuak, programazinoak). Eta musikari gonbidatuen atalean: Eñaut Elorrieta (ahotsa, Esperantzan), Patxi Garat (ahotsa, Zendako euskara kantuan), Xabier Euzkitze (ahotsa, Pilota euskal jokoa eta Esperantzan abestiaren berbak), Naia Carrere (ahotsak, Bakea), Ugo Carrere (ahotsak, Bakea, Bi itzal, Amets baten hegalez). Ander Carmonak egin ditu erretratuak eta diseinuak.
Pantxoa Carrere kantautorearen bakarkako bigarren diskoa da Esperantzan. 73 urteko kantariak ez dau galdu ez ahots-erregistroa, ez ahots-eremua ezta tinbrea be. Gaztetako ahots fin, dotore eta erakargarriagaz kantetan dau.
Pantxoaren musika ibilbidean kantua bitartekoa edo baliabidea izan da askatasunaren helburua lortzeko, Euskal Herriaren burujaubetzea aldarrikatzeko, euskerearen defentsarik onena egiteko. Herri libre bat anaitasunean. Esperantza horri eutsi deutso beti abesti mitikoen partaidea dan Pantxoak, interpretazinoa landu dau sormena baino gehiago eta Euskal Herriko kantu esanguratsuenetakoak haren ahotsagaz ezagutu ditugu. Abesti barriak datozenean eragina dau 70eko eta 80ko hamarkadetan kantau genduzan abestien enkantuak. Gomuta horreek erakarten gaitue ahotsa entzuteagaz batera. Pantxoa ospetsuak ondo jakin dau zelan atondu bere ahots berezia musikeagaz.
Bai, Pantxoaren Esperantzan diskoak kantautoreen esentzia dakar, folka, tradizinoa eta poparen amantalak erabiliz. Hurrekoa egingo jaku, sentibera eta haregaz batera kantetako astindua etorriko jaku jarraian. Pantxoaren filosofia holan laburtu daiteke: kantau eizu euskalduna, kantau eiotzazu zeure herriari, zapaldutako herri eta gizaki guztiei, abestu maitasunari.
Esperantzan
1.- Demokrazia (M. Pagola).
2.- Esperantzan (U. Carrere - X. Euzkitze). Feat: Eñaut Elorrieta.
3.- Mistral Gagnant (Renaud Séchan).
4.- Bi itzal (U. Carrere - S. Colina). Feat: U. Carrere.
5.- Pilota euskal jokoa (P. Carrere - Xalbador). Feat: Xabier Euzkitze.
6.- Haurdun - En cloque (Renaud Séchan).
7.- Zendako euskara (M. Pagola). Feat: Patxi Garat.
8.- Ez etsi (M. Pagola).
9.- Lily (Pierre Perret).
10.- Amets baten hegalez (M. Pagola). Feat: U. Carrere.
11.- Bakea (U. Carrere - Xalbador). Feat: N. Carrere, U. Carrere + bonus track.
12.- Manex beti gogoan (M. Pagola).
Ritxi Aizpuru + Pantxoa Carrere + Iñaki Dieguez
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!