Eider Rodriguezek irabazi dau 111 Akademiaren Saria

Bizkaie! 2022-04-26 13:23   Kulturea

Akademiako kideen ustez, Eraikuntzarako materiala da 2021eko libururik onena.

Eider Rodriguez (argazkia: 111 Akademia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtarriletik apirilera, hiru bozketa-txanda behar izan ditue 111 Akademiako kideek igazko libururik onena zein dan erabagiteko. Eider Rodriguezek irabazi dau saria, Eraikuntzarako materiala (Susa) obreari esker. Beste finalistea Itxaro Bordaren Euri zitalari esker izan da.

Akademiak 212 kide ditu gaur egun, eta 127k hartu dabe parte bozketetan. 2021ean euskeraz argitaratutako liburuen artean gustokoena aukeratu behar izan dabe. Behin irabazlea zein dan ebatzita, bagilean egingo dabe Rodriguezi saria emoteko jentaurreko ekitaldia.

111 Akademiaren Sarien 26. edizinoa da hau, 1996an lehenengo aldiz emon ebenetik, Beterriko Liburua izenpean. Aurreko urteetan irabazle izan diranen artean dagoz Pello Lizarralde, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Uxue Alberdi eta Kirmen Uribe.

Eider Rodriguezen lehenengo nobelea da Eraikuntzarako materiala, beste genero batzuetan entzute handiko liburuak plazaratu dituan arren, gehienbat narratiban. Alkoholagaz arazoa dauen aita baten eta haren alabearen arteko hartu-emonak azaltzen ditu nobelan, askotariko material eta memoriak buztartuta.

Irakurlea etsipenaren eta oroiminaren arteko eremu lausora daroan literatur lana da Eraikuntzarako materiala. Idazkera neurtua eta neurritsua eta estilo aparta darabiz Rodriguezek, 111 Akademiaren esanetan. Hunkigarria da ikustea zelako eragina izan eban aitaren heriotzeak protagonisteagan, eta zein ondo azaltzen deutsan hori irakurleari. Kontakizun gazia eta mingotsa, zalantza barik maisulana dala ganeratu dau Akademiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu