Karlistaldietako Bilbo ezagutzeko saioa bihar, apirilak 27
2022-04-26 12:32 KultureaAzalpen historikoez gan, musikea eta bertsoak egongo dira Bidebarrieta liburutegian.
Aranzadi Zientzia Alkartearen eskutik, Bilbo Gerra Karlistetan Setiatuta izeneko berbaldi eta proiekzinoa egingo dabe bihar, eguaztena, hilak 27, Bilboko Bidebarrieta liburutegian (19:00). Bigarren Gerra Karlistearen 150. urteurrena gogoratzeko ekitaldia da, izan be, gatazka horrek eta Lehen Gerra Karlisteak eragin sakona izan eben uriaren historian.
Begoñako kanposantuan Gerra Karlistetako soldaduen gorpuak eta objektuak agertu dira, Aranzadik gidatzen dauen Begoñako Argia proiektuaren barruan egiten dabizan indusketetan. Azterlan arkeologiko hori zertan dan azalduko dabe, eta testuinguru historikoan kokatu.
Aditu ugarik emongo ditue azalpenak. Zumalakarregi Museoko ikerlari Mikel Alberdik emongo dau XIX. mendeko egoera soziopolitikoaren barri, entzuleak sasoi haretako giroan kokatzeko. Ondoren, Carme Coch arkeologoak Begoñako kanposantuko hilobien inguruan egingo dau berba. Azkenik, Juantxo Egañaren argazkiek lagunduko dabe Gerra Karlisten sasoiko Bilbo hobeto ulertzen.
Ganera, ikutu artistikoa be izango dau saioak, Aitor Bizkarra bertsolariaren eta Paul Beitia musikariaren saioari esker. Beitiaren gitarrearen doinuek lagunduta, Bizkarrak XIX. mendeko bertsoak kantauko ditu.
Historia, memoria eta kulturea buztartzen dituan ekitaldi honetara sartzea doban da. Joan ezin dabenentzat, streaming bidez zuzenean zabalduko dabe saioa Bidebarrieta Kulturgunearen Youtube kanalean.
Begoñako kanposantua 10.000 metro koadroko eremua da, 1813tik 2006ra erabilia. Uriaren historiaren, bilakaerearen eta hazkundearen lekuko parebakoa da, beraz. Begoñako Argia proiektuan, han lurperatutako milazak gorpuak banaka-banaka ateratzen dabiz, eta horrek sorpresa bat baino gehiago ekarri ditu, esate baterako, Lehen Gerra Karlistako hobi komun handi bat.
Kontuan izan behar da Bilbo interes handiko gunea izan zala Karlistadetan. Baita Begoña be (udalerri independentea zan orduan), uriak sufridu zituan setioetan leku estrategikoan egoalako. Lehen Karlistadan, Begoñan ipini eban Zumalakarregik artilleria-bateria bat. Karlistak zein liberalak ibili ziran Begoña aldean, eta horregaitik bonbardaketen helburu izan zan.
Lau aldiz inguratu edo setiatu eben Bilbo Gerra Karlistetan, eta azkena 125 egunekoa izan zan, 1873ko amaieratik 1874ko maiatzera. Setio horretan be, Begoñak garrantzia itzela izan eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!