Angela Carbajo jantzari getxotarrak Bilbon estreinauko dau 'CuCú'
2022-04-26 11:10 KultureaRosa Sanz valentziarragaz batera sortu dau flamenko garaikideko ikuskizuna.
Bilboko La Fundición Aretoa aukeratu dabe Angela Carbajo getxotarrak eta Rosa Sanz valentziarrak euren ikuskizun barria, CuCú, aurkezteko. Apirilaren 30ean izango da estreinaldi absolutua eta maiatzaren 1ean beste emonaldi bat egongo da Deustuko areto horretan. Biak hasiko dira 19:00retan.
Flamenko jantzariak dira Carbajo eta Sanz. Cucú ikuskizunean, hain zuzen be, flamenkoa ikuspegi garaikidetik landu dabe, jantzea eta interpretazinoa buztartuta. Flamenkoan ohikoak diran jantzi eta keinu guztiak ez ditu topauko ikusleak, proposamen barritzailea dalako hau. Bizitzako helburuen eta egunerokoan benetan lortzen danaren arteko aldearen inguruko gogoetea dakar ikuskizunak.
Getxotarra dan arren, Angela Carbajok Andaluzian ikasi eban flamenkoa eta Jerez de la Frontera urian ezagutu eban Rosa Sanz. Harrezkero, flamenko garaikidearen inguruan lankidetzan ibili dira hainbat proiektutan. Bien artean produzidu dabe CuCú.
Ikusi CuCú ikuskizunaren trailerra hemen.
Beste alde batetik, La Fundición Aretoak Mizel Theret koreografo eta jantzari lapurtarraren lan barriaren emonaldi bat hartuko dau, maiatzaren 7an. Frantziako jantza garaikidearen erreferente nagusietako bat da Theret, eta Parisen ibilbide oparoa egin eta gero, Miarritzen bizi da aspaldi honetan.
Hotza da Theretek Bilbora dakarren ikuskizun barriaren izenburua. Zaratearen eta etenbako estimuluen aurrean, patxadea aldarrikatzen dau Traversée konpainiagaz atondutako obra honek. Oholtzan gitxitan ikusten diran gorputzak agertuko dira, helburu bigaz: bizitzako momentu guztietan jantzan egitea posible dala azaltzea eta jantzea, akrobaziaz gan, keinuaren poesia be badala erakustea.
Solo bi ditu Hotza lanak. Theretek berak egina bata, eta Bertha Bermúdez nafarrak bestea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!