'Euskal Herriak Gerrari Ez!' manifestua plazara
2022-04-26 09:48 Pil-pileanBat egiteko deia egin dau Guernica Gernikara alkarteak.
Errusiak Ukrainaren kontra hasitako erasoak alkartu ditu Guernica Gernikara eta beste eragile ugari, gerrearen kontrako eta pakearen aldeko aldarrikapenean. Ukrainakoak ez eze, mundu zabaleko beste gatazka guztiek eragiten daben sufrimendua behin betiko amaitu daitela eskatzeko, manifestua idatzi dabe eta kontzentrazinoak egingo ditue gaur, apirilak 26, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Ez da kasualidadea gaurko eguna aukeratu izana alkarretaratzeak egiteko, 85 urte bete diralako Gernikako Bonbardaketatik. Hegoaldeko lau uriburuetako udaletxeen aurrean da hitzordua, 19:00etan. Manifestua irakurriko dabe jentaurrean.
Manifestuaren izenburu eta kontzentrazinoaren leloak garbi erakusten dau zein dan Guernica Gernikara eta ganerako eragileen aldarria: Euskal Herriak Gerrari Ez!. Ukrainan ez eze, Sirian, Yemenen, Palestinan, Saharan, Kurdistanen, Afganistanen eta beste leku askotan biztu diran gerrak salatu ditue, eta hildako, zauritu eta desplazadu ugari eragin dituela gogora ekarri dabe. Hori gitxi ez, eta Europak ateak zarratzen deutsez gerratik igesi datozanei.
Irakurri manifestua hemen (PDF).
Euskal Herria pakezalea dala azpimarratzen dau testuak, ez dauelako gerrearen sufrimendua ahazten. 85 urte dira faxistek Gernikaren ganean bonbak bota zituela. Gernikan bezela, Durangon, Legution, Otxandion... Euskal Herri osoa okupau eben faxistek hurrengo urteetan, ipar zein hego. Oraindik bizirik doguz gure artean gerrea bizi izan eben herrikideak.
Memoria bizi-bizirik egonda be, eta orain dala 36 urte Hego Euskal Herrian NATOren kontrako botoek irabazi eben arren, geurean be zer egina dagoala ohartarazo dabe sinatzaileek. Batetik, igeslariek Bidasoa ibaian bizi daben hil ala biziko dramea dago; bestetik, gatazkearen ondorioak larritzen dira emakumeentzat, euren gorputzak gerrea egiteko objektu bihurtzen diralako sarri.
Horren aurrean, alkarrizketearen alde egin dabe. Militarismoan sakondu beharrean, armak beharrean, lanabesak nahi doguz eskuetan, berbearen kulturea ardatz, alkarrizketea eta akordioa. Gerrak gelditu geinkez, gelditu behar doguz. Amaiera arteko suntsipena ez da urtenbidea. Pakea, bizitzea eta burujaubetzea dira helburuak, Euskal Herrian zein munduan.
Manifestuagaz bat egin dabe 25 eragilek eta 470 norbanakok. Oraindino sinatzeko astia dago (hemen).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!