Ignacio del Moral, Lucía Lacarra, Iratxe Ansa eta Sandra Ferrús eta Dimegaz zein Anita Maravillas & Portal 71, euskal finalisten artean dagoz

Bizkaie! 2022-04-26 08:05   Kulturea

Sariak Menorkan, Maóko Principal Antzokian emongo ditue, datorren bagilaren 6an.

Arte Eszenikoen Max Sarien batzorde atontzaileak aditzera emon ditu XXV. edizinoan lehiatuko diran 20 kategorietako finalistak. SGAE Fundazinoak atondutako sarien helburua Espainiako Antzerki eta Jantza profesionalen talentua bultzatzea eta saritzea da, denporaldiko ikuskizunak sustatzeaz gan.

Aurten izena emon duten 449 ikuskizunetatik 179 hautagai subertau dira eta horreetatik 38 ikuskizun baino ez dira heldu azken fasera. Finalistak, barriz, 65 izango dira.

Euskal finalistak

Euskal hautagaien artean ondokoak proponidu ditue: Ignacio del Moral (Antzerki egokitzapen edo bersino Onena, El viaje a ninguna parte lanagaitik, Arriaga Antzokiaren produkzinoagaz), Lucía Lacarra (Jantzako emakumezko interprete Onena In the still of the night koreografiagaitik), Iratxe Ansa, Igor Bacovich-egaz batera (Koreografia Onena CreAcción lanagaitik) eta Sandra Ferrús (kasu honetan kategoria bitan, hau da, Egile barri Onena eta Emakumezko aktore Onena La panadera lanagaitik). Horreez gan, Dimegaz, Harria herria lanagaitik kaleko ikuskizun onenaren Max Sarirako hautagai dogu eta Anita Maravillas & Portal 71, Umentzako, gazteentzako edo familientzako ikuskizun Onenaren Max Saria Las Cotton lanagaitik irabazteko aukerea izango dau.

Max - Menorca sarien XXV. edizinoaren irabazleak datorren bagilaren 6an jakinarazoko dira, Maóko Antzoki Nagusian egingo dan ekitaldian, Illes Balersko Gobernua, Menorcako Consell Insularra, Menorcako Turisme Fomente Fundazinoa, Kultura eta Kirol Ministerioa INAEM dalako Instituaren bidez, baita Eulen eta Ernest & Young taldeen kolaborazinoagaz be. Ekitaldia 20:00etatik aurrera emongo dau RTVEko La 2 kateak, Canal Internacional eta RTVE Play kateen bidez be zabalduz.

Lehiaketako 20 hautagaitzez gan, sari berezi bi emoten dira: Ohorezko Max Saria, José Luis Alonso de Santos antzerkigile eta zuzendari eszenikoaren ibilbidea nabarmendu dana aurten eta Max Sari Soziala, Caídos del Cielo Paloma Pedrero antzerkigileak sortutako GKEaren lana autortzen dauena. Bien berri eman du jada antolakuntza batzordeak.

Hiru lurralde-epaimahaiek (Madril, Katalunia eta Erkidegoak) izentautako lehen hautaketa-fasearen ondoren, lurralde-epaimahaietako hiru presidenteek, arte eszenikoetako lau persona ezagunek eta Batzorde Atontzaileko kide batek osotutako epaimahaia arduratu da Max-Menorca Sarien XXV. edizinoan parte hartuko daben 20 kategorietako finalistak erabagiteaz.

Max Sariak 25. urteurrenean

1998tik SGAE Fundazinoak atonduta, Max Sariek bere hogeita bosgarren urteurrena ospatzen dabe aurten. Joan Brossa (Bartzelona-1919/1999) poeta eta artista plastikoak, gerraosteko arte espainiarraren talde barritzaileetako baten bultzatzaileak diseinautako saria, Espainiako arte eszenikoen autorpen zabalena bilakatu da urte honeetan guztietan.

25 urteko historian zehar, Max Sariek ez dabe dramaturgia barria bultzatzen laguntzeaz gan, eten barik barritzeko eta berpizteko kapaz dan eszena emonkor eta sendoa be ahalbidetu dabe. Gure Arte Eszenikoen tradizinoari be balioa emon deutse Ohorezko Max Sariagaz. Sari hori jaso dabe, besteak beste, Antonio Buero Vallejok, Ana Diosdadok, Paco Nievak, Lola Herrerak, Nacho Duatok, Rosa María Sardak, Víctor Ullatek edo Adolfo Marsillachek eta beren apustua agertoki bilakatu daben erakunde eta sustatzaile guztiak aintzatesten jakin izan dabe, Zarzuelako Antzokitik Escenamamateur Antzokira. Antzerkiaren sustraiakaz bat egiten dauen espiritu ibiltariagaz, Max Sariak Estadu mailako geografiaren hamabi uritan eta hogei antzokitan izan dira orain arte. Aldi berean, gure Arte Eszenikoen nazinoarteko proiekzinoa bultzatu eta antzerki iberoamerikarreko izen garrantzitsuenetan jarri ditue begiak, 2013ra arte emondako sari berezi bategaz, izan be, sari hori jaso dabe honako egile edo eta taldeek: Hector Alterio, Les Luthiers, Daniel Veronese... Pluraltasun dago euren irudimena jai handi honen zerbitzura jarri daben zuzendarien zerrendan. Saritutako 400 ikuskizun baino gehiagogaz, Maxen ibilbidea gure Arte Eszenikoen oraintsuko kontakizuna be bada eta aintzat hartzen ditue ezinbesteko hainbat eskarmentu eta mailako egile eta profesionalak, baldintza, motibazino, sensibilidade eta ikuspegi askotatik ikusita. Horreen guztien artean, honakoak: Sanchis Sinisterra, Alfredo Sanzol, Andrés Lima, Vicky Peña, Sol Picó, Israel Galván, Eva Yerbabuena, Juan Mayorga, Elisa Allen, Carlos Hipólito, María Hervás, Jordi Casanovas, Laila Ripoll, Nao Albert eta Marcel Borrás.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu