Joy Onyesoh WILPF-eko presidenteak hartuko dau 2022ko Gernika Saria
2022-04-26 08:42 Pil-pileanErakunde horrek pakearen eta giza eskubideen alde dauen konpromisoa autortzea da asmoa.
Gaur, apirilak 26, Gernikako Bonbardaketearen 85. urteurreneko ekitaldien artean, XVII. Bakearen eta Berraskidetzearen Aldeko Gernika Sariak emoteko ekitaldia egingo dabe Lizeo Antzokian. Aurtengo saritua WILPF erakundea da, Pakearen eta Askatasunaren Aldeko Emakumeen Nazinoarteko Ligea. Joy Onyesoh presidentea etorriko da saria hartzen, baita WILFP-eko beste ordezkari ugari be.
Gernika-Lumoko Udalak azaldu dauenez, WILPF-ek pakearen, giza eskubideen eta askatasunaren alde munduan egin dauen lana eta balio horreen alde dauen konpromisoa autortu gura dabe, baita adiskidetasuna sustatzeko ahalegina be. Nazino Batuetako Segurtasun Kontseiluan gizarte zibilaren interesak babesteko ardurea be badau.
Gernika Saria nori emon erabagiteko epaimahaian egon da Udala, baita Bakearen Museoko, Gernika Gogoratuz alkarteko, Kultur Etxeko eta Alemaniako Pforzheim uriko ordezkariak be.
Autortzeaz bat eginez, WILPF-en jardueren inguruko erakusketea ipini dabe Elai Alai Aretoan, WILPF: 100 urteko feminismo bakezalea izenburupean. Nafarroako Gobernuak lagatako materialari esker atondu dabe erakusketea eta apirilaren 29ra arte ikusi ahal izango da Gernikan.
Era berean, egunotan egiten dabizan Bakearen geopolitikak jardunaldietan parte hartuko dabe WILFP-eko hainbat kidek. Joy Onyesoh bera izango da hizlarietako bat, eta WILPF Europe eta WILPF Espainiako arduradunak be konbidau ditue. Gernikan, Bilbon eta Donostian dira jardunaldiok, hilaren 27ra arte.
1915ean, I. Mundu Gerrea martxan egoala sortu zan WILPF, ikuspegi feministea pakegintzan sartzeko asmoz. Ehun urte baino gehiago pasau diran arren, orduko aldarrikapenak bizi-bizirik dagozala azpimarratu dabe erakundeko ordezkariek: Patriarkaduak, militarismoak, neoliberalismoak eta kolonialismoak gatazkara bultzatzen gaitue. Bidezko pake feminista eta desarmaduaren aldeko gure ikuspegia inoiz baino beharrezkoagoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!