Basque Teamek eta Ausolanek ‘Aktiba zaitez’ kanpainea jarri dabe martxan
2022-04-26 08:28 KirolaKirol egokitua nabarmentzea da helburua.
Goi mailako euskal kirola bultzatzen dauen Basque Team Fundazinoak eta Ausolan kolektiboentzako sukaldaritza enpreseak ‘Aktiba Zaitez’ kanpainearen 2. edizinoa martxan jarri dabe, bizimodu osasungarria eta jarduera fisikoa sustatzeko, umezarotik hasita. Ekimenak kirol egokituak eskaintzen dituan aukera guztiak ezagutarazotea, ezintasuna daben eta goi mailako kirola egiten daben personak ikusarazotea eta umeak sensibilizetea dau helburu.
Aktiba zaitez kanpainea hirugarren hiruhilekoan egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako jantokietan. Eguerdiko bazkalorduko denpora librea aprobetxauta, proiektuaren bidez azpimarratu nahi da kirola egitea oinarrizkoa dala osasunari eusteko eta, gazteenen bitartez, gizartea sensibilizau nahi dau kirol egokituaren inguruan eta ezintasuna daben personek aurre egin beharreko erronken inguruan.
Hiru euskal kirolari paralinpikoen bitartez, Agurtzane Egiluz (erruberadun jarlekuko saskibaloia, Gasteiz), Iker Sastre (mahai tenisa, Bilbo) eta Ager Solabarrieta (tiro egokitua, Ondarroa), datozen hilabeteetan hainbat ekintza eta erronka jorratuko ditu, bazkalaurretik edo bazkalondoren, Ausolanek kudeatutako eskola-jantokietan. Jarduera multzo horren helburua da ikasleek praktikauko dituen kirol egokituko modalidade batzuk erakustea, aniztasun funtzionaleko personen lekuan jarri eta ikasteko helburuari eutsiz.
Jarduera eta ariketa horreei esker, ikasleei jakinarazoko jake oso garrantzitsua dala elikadura osasungarria izatea, ezintasuna daben personak kirolean eta, oro har, bizitzan sartzea eta Basque Teameko kirolarien bidez, hain ezagunak ez diran beste kirol batzuk ezagutu eta praktiketea, jantokian egon beharreko denporea erabiliz jarduera fisikoa egiteko.
Ekimena, gainera, Garapen Iraunkorrerako hiru helbururi lotuta dago. Aktiba Zaitez kanpaineagaz bat egin daben kirolariek umeei helarazo gura deutseezan mezuetako batzuk azpimarratu ditue:
Ager Solabarrietak azaldu dauenez, egunero eliteko kirolean lehiatzeko oso garrantzitsua da bizimodu osasungarria izatea; maila fisikoan eta mentalean osasuntsu egoten eta aktibo egoten laguntzen deusku, horregaitik ezinbestekoa da dieta orekatua egitea (3GJH, Osasuna eta ongizatea). Ikusi bideoa hemen.
Agurtzane Egiluzek, barriz, azpimarratu dau kirolean ez dago desbardintasunetarako arrazoirik, dibersidade funtzionala daben personen kirolean, esaterako, erruberadun jarlekuko saskibaloian, ez da bereizketarik egiten taldea osotzen daben lagunen artean eta sexu bietako kideek osotzen dabe (5GJH, Genero Bardintasuna).
Azkenik, Iker Sastrek ondokoa gogorarazo nahi izan dau: Minusbaliotasuna izateak ez dau eragozten kirol batean maila gorenera heltzea (10GJH, Desbardintasunak murriztea).
Ausolanek eta Basque Teamek lankidetza hitzarmena sinatu eben 2020an. Hitzarmen horrek, hain zuzen, bizimodu osasungarrirako bultzadea emon nahi izateaz gan, erakunde biek kirolariei entrenamenduagaz, lehiaketa ofizialetan parte hartzeagaz eta kirol jarduerea amaitutakoan laneratzeagaz bateragarriak diran enplegu baldintzak ahalbidetzeko hartutako konpromisoa be batzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!