Euskadik Kanpo Sarearen bulego bat edegi dau Tokion

Bizkaie! 2022-04-25 09:19   Pil-pilean

Euskal enpresek negozio-aukera barriak eskuratu ahal izango ditue.

Euskal enpresek eta Japoniako nahiz Asia-Pazifiko eskualdeko inbertitzaileek euren zerbitzura dabe Euskadiko Kanpo Sarearen lehen bulegoa Japonian. SPRI Taldeko Nazinoartekotzeko Euskal Agentziak enpresa eta merkataritza-egoitza barri bat edegi dau Tokion eta Moe Kato, Basque Trade and Investment-ek Japonian dauen zuzendaria, izango da bulego horren buru.

Kanpo Sarearen bulego barri honi esker, euskal enpresek errazago topauko ditue eurentzako negozio-aukerak Japonian. Japonia merkatu erakargarria da euskal enpresarentzat, baita ekonomiaren eta araudien egonkortasunagaitik. Gainera, euskal ekonomiagaz bateragarri izateagaitik eta negozioetarako erraztasunagaitik nabarmentzen da. Euskal enpresek aukerea izango dabe Japonian eta Asia-Pazifiko eskualdean inbersino handiak egiten dituen enpresa eta erakundeetara heltzeko. Horregatik guztiagaitik, merkatu-bolumen oso garrantzitsua eta irisgarria eskaintzen deutse euskal enpresei.

Horrezaz gan, SPRI Taldeko Kanpo Sarearen bulego barri hori lagungarria izango da Invest in Basque Country eremuaren bidez inbersinoak Euskadira erakarteko, bai Japoniatik, baita Asia-Pazifiko eskualdetik be.

Bulegoa Tokion dago, helbide honetan: Toranomon Hills Business Tower 15F, 1-17-1 Toranomon, Minato-ku, 105-6415.

Basque Trade agentziak Kanpo Sarearen 17 bulego ditu eta zerbitzua emoten deute euskal enpresei 90 bat herrialdetan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu