Ukrainako gerrako errefuxiatuak laguntzeko diru partidea onartu dabe

Bizkaie! 2022-04-22 12:27   Pil-pilean

Bilboko Udalaren dirulaguntzea 50.000 eurokoa da.

Errusiak zezeilaren 24an Ukraina inbadidu eban eta Jugoslaviako gerrea izan zanetatik, Europan izandako eraso militar handiena da. Eraso militar honen ondorioz, hildakoak eta zaurituak egon dira eta zibilak iges egin behar izan dabe, bai Ukraina barruan, bai ondoko herrialdeetara be. Azpiegitura zibiletan eta etxebizitzetan kalte larriak egin dira. Dirulaguntzon helburua da udalak erantzun humanitario eraginkorra eskaintzea, azaldu dau Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotziak.

Modu berean, Eusko Jaurlaritzeak erakunde arteko mahai sozialaren bidez errefuxiatuen egoereari erantzuteko atondutako erakunde arteko lankidetza-sareko kidea da Bilbo, gatazka honen ondorioz sortu daitekezan beharrizanei aurre egiteko helburuari eutsiz. Europa mailan, Bilbok Ukrainari laguntzeko foro eta adierazpenetan parte hartzen dau, Intercultural Cities, Eurocities eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren bidez.

Deialdi honetan aurkezten diran programen hartzaileak gerrearen ondorioz Ukrainan edo inguruko herrialdeetan (Polonia, Eslovakia, Hungaria, Errumania eta Moldavia) errefuxiatutako edo leku-aldatutako personak izango dira. Proiektuek genero-ikuspegia izan behar dabe eta oinarrizko gizarte-preminak hobetzerakoan zuzeneko eragin praktikoa dakarten ekintza zehatzetan oinarritu behar dira. Ezin da egon ezelako bazterketarik arraza, erlijino, sexu, sexu-orientazino edota edade arrazoiakaitik.

Proiektuak tokiko bazkide baten bidez edo atzerriko bateren baten bidez garatu behar dira. Tokiko bazkidea irabazi asmorik bako erakunde bat edo erakunde publiko bat izan behar da. Nortasun juridikoa izan behar dau eta jagokon erregistroan eratua eta maila formalean izena emonda egon behar dau. Programearen iraunaldia 6 hilekoa izango da gehienez eta urtebetera luzatu daiteke. Hasteko epea, gehienez, hilebetekoa izango da.

Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan, apirilak 22, hasi eta maiatzaren 6an amaituko da. Eskaerak www.bilbao.eus webgunearen bidez, Bilboko Udaleko Herritarren Arreta Bulegoan edo barrutiko udal bulegoetan tramitau daitekez

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu