'Maddiren trajeria' pastorala, urrian Zugarramurdin
2022-04-22 10:20 KultureaXareta eskualdeko herritarrek alkarlanean atonduko dabe ikuskizuna.
Urriaren 15ean eta 16an Nafarroako Zugarramurdin ikus ahal izango dan Maddiren trajeria pastoralak berezitasun ugari ditu. Hasteko eta behin, ez da zuberotarrek egina izango, ohiko lurraldetik urten eta Xareta eskualdeko herritarren esku egongo da. Sara, Ainhoa, Urdazubi eta Zugarramurdi dira lau herriok. Pastoralaren oholtzea ipinteko lekua be ezohikoa izango da, Zugarramurdiko kobazulo ezaguna hain zuzen.
Xaretako herritarren ekimen barri honen beste berezitasun bat emakumeek daben pisua da. Batetik, pastoralaren sujeta (kontakizunaren erdigunean dagoan personajea) Maddi da, orein bihurtzen dan neskatoa. Bestetik, obrearen zuzendari edo errejenta Pantxika Urruty da.
Gerardo Mungia, Pintx, nafarrak idatzi dau Maddiren trajeria. Mungia eta Urruty lehenago be ibilita dagoz alkarregaz antzeko zereginetan, Etxalarko Karmen pastoraleko arduradunak izan ziralako. Egilearen eta errejentaren agindupean, Xaretako lau herrietako ehun bat lagun ibiliko dira, eta hasi dira entseguetan.
Pantxika Urrutyk gogoratu dau pastoralek bost arlo artistiko nagusi lantzen dituela eta Maddiren trajeria ez da salbuespena. Testua, musikea, kantua, jantzea eta jantziak dira, eta bakotxak arduradun bat dau. Testua, aitatu lez, Gerardo Mungiaren esku egon da. Musikan Patrick Calvet, kantuan Marilys Daguerre, jantzan Arnaud Izal eta jantzietan Beronik Ondikola dira beste arduradunak.
Personaje gorrien eta baltzen arteko bereizketa klasikoan oinarrituta, Maddiren umezarotik gaztetasunerako eraldatzea kontauko dau pastoralak, eta, bide batez, beste gai batzuei be helduko deutse: naturea, kazearen alderdi onak eta txarrak, euskal mitologia...
Herri ekimen hutsez pastoral handi bat atontzea ez da lan erraza, baina Xaretako lau herrien gogoari esker aurrera egingo dabelakoan dagoz. Hileetako ahalegina izango da dozenaka lagunentzat, dana dala. Urriaren 15 eta 16an Zugarramurdin aurkeztu eta gero, ez dabe baztertu Zugarramurdin bertan edo Saran be emonaldiren bat egitea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!