Bilbao Zerbitzuak-ek erretratu lehiaketea atondu dau Bilboko kanposantuan

Bizkaie! 2022-04-22 09:37   Kulturea

Bilboko udal-hilerriagaz zerikusia daben erretraturik onenak sarituko ditue.

Erretratuaren bidez udal-hilerria sustatu eta prestigioa emotea dira helburuak, aitatu lekuaren kulturea eta arkitekturea, arte eta paisaje-ondare aberatsa sustatu eta nabarmentzea, azaldu dau Yolanda Díez Bilboko alkateorde eta Osasun eta Konsumo Saileko zinegotzi ordezkariak.

Hilaren 23an, zapatuan, 12:00etan, euskal idazleen olerkien eta musika klasikoaren errezitaldia egongo da, Kaperan.

Nahi dauen edade nagusiko edozeinek parte hartu ahal izango dau lehiaketan. Ekimena 09:00etan hasi eta goiz osoan zehar izango da, 14:00ak arte. Parte hartu nahi izan ezkero, izena emon beharko da, apirilaren 22ko 10:00ak baino lehen, Bilbao Zerbitzuak-en webgunean horretarako zabaldutako atalean edo mezua bialduta info@zbk.bilbao.eus helbidera. Gehienez be, lan bi aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, 2022ko apirilaren 23an, 09:00etatik 14:00etara bitartean sortuak biak.

Lehiaketearen gaia hileta-artea izango da, bere adierazpiderik zabalenean. Arretea jarriko jake gune haretako monumentu, paisaje eta berezitasunei, hileta-sinbologiari eta kanposantuaren ondare-balioari, bai eta Bilboko udal-Hilerrian nagusi dan bake eta harmonia sensazinoa irudikatzeari.

Argibide gehiago behar izan ezkero, interesdunek lehiaketearen oinarriak deskargau leikiez hemen.

Eguerdiko 12:00etan, barriz, poesiaren eta musika klasikoaren zaleek aukerea izango dabe Asociación Artística Vizcaína alkarteak Kaperan eskainiko dauen errezitaldira joateko, doban. Ekitaldirako hautatutako 18 olerki errezitauko ditue María José Domínguez, María Blanca Tinquero eta José Ramón López rapsodek. Euskal poeten lanak izango dira danak, besteak beste, Javier de Bengoetxea, Blas de Otero, Gabriel Aresti eta Gabriel Celayarenak.

Olerkiak irakurteaz batera, Zuriñe De Diegok, biolinisteak eta Miren De Diego bioleak Joaquín Rodrigoren Aranjuezeko Kontzertuaren Adagioa, Johann Pachelbelen Canona eta Luigi Boccheriniren Musica notturna delle strade di Madrid (Madrileko Kaleen Serenata) joko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu