Enkarterriko 300 agiri zahar liburu baten batu ditu Goio Bañalesek
2022-04-21 12:15 Kulturea1297koa da dokumenturik zaharrena.
Bizkaiko Batzar Nagusiak gure historiaren barri emoten deuskuen agiri zaharrak batu eta zabaltzen dabiz eta, Enkarterriko eskualdeari jagokonez, lan horren emoitzea aurkeztu dabe. Goio Bañales historialariak egin dau Enkarterri. Haren historiarako dokumentuak. 1297-1821 liburua, igaz plazaratutako beste baten jarraipena.
Bizkaiaren barruan, berezitasun handiko lurraldea izan zan luzaroan Enkarterri, legez eta administrazinoz, eta dokumentu historiko baliotsuak topau ditu Bañalesek: erakundeen aktak, irudiak, hamarrenak, lege-testuak... Ia 300 agiri dakarrez liburuko 1.362 orrialdeek. Zaharrena 1297koa da, eta XIX. mendera arterainokoak dagoz.
Enkarterriko pasarte esanguratsuen lekukotzea emoten daben agiriak dagoz, eskualdearen menderik mendeko bilakaerearen barri dakarrenak. Uribilduen sorreren albisteak dagoz (zaharrena, Lanestosakoa), 1386an Artzentaleseko eta Santurtziko nekazariek ordaindu behar zituen hamarrenen zerrendea, Martin Ochoa de Larrearen eta Martin Diaz de Menaren karabelen aitamena, baita udalerrien arteko mugak zehazteko ahaleginak be.
Bitxikeria batzuk ezagutzeko modua be emoten dau argitalpenak. Esate baterako, sasoi baten Castro Urdiales Enkarterriko zati izan zala, gaur egun Kantabrian dagoan arren. Eskualdeak, batez be Somorrostro eta inguruek, burdinagaz izan daben loturea Erdi Arotik XIX. mendera ondo dokumentauta agiri da.
Hilketak, gatazkak, ezbeharrak eta bestelako tirabirak be agirietan aitatzen dira. 1486an, Ochoa de Ortusaustegui hilteagaitik Diego de Larragorria Gordexolako bizilagunari heriotza-zigorra ezarri eutsela ikusi geinke. 1494an Abantora armauta joan ziran 5.000 edo 6.000 enkarterritarrek sortutako zalapartea eta altxamendua be nabarmentzekoak dira.
Goio Bañales historialariak azaldu dauenez, liburu barria tresna interesgarria da aditu eta ikertzaileentzat, baina baita Bizkaiko antxinako kontuetan interesa daben guztientzat be, herritarren bizimodua zein familia poteretsuek eskualdean izandako eragina ezagutzeko eta horren inguruan lan egiteko material ugari dagozalako orriotan.
Enkarterrietako Museoko zuzendari Javier Barriok ganeratu dauenez, agiriok iragana modu zuzenenean ulertzen laguntzen dabe. Edozeinek kontsultau eta bere lanak egiteko erabil leiken materiala da. Iraganera hurreratzen gaitu, kasu honetan Enkarterriko iraganera, baina baita Bizkaiko eta inguruko lekuetakora be, Arabako Aiala bailarara eta Castro Urdiales urira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!