Apirilaren 21ean eta 22an, '918 Gau' filma Uruguain erakutsiko dabe

Bizkaie! 2022-04-21 10:11   Zinemea

Arantza Santistebanen filma Bilbon be ikusi ahal izango da.

Arantza Santestebanen 918 Gau filmak nazinoarteko zinemaldien bidea jarraitzen dau apirilaren 13tik 24ra Montevideon izango dan Uruguaiko 40. Nazinoarteko Zinemaldian parte hartuz. Nazinoarteko Film Luzeen Panorama sailean programautako filma saio bitan ikusi ahal izango da: apirilaren 21ean, eguenean, 19:30ean Uruguaiko Zinematekan; eta apirilaren 22an, barikuan, 21:00etan Nelly Goitiño Auditorioan.

918 Gau, maiatzaren 4tik 15era Alemanian, Municheko 37. Zinema Dokumentalaren Nazinoarteko Jaialdian, DOK.fest Spain Sol Y Sombra – Land of Sun, Land of Shadow zikloan egongo da, baita Errumaniako One World Giza Eskubideen eta Zinema Dokumentalaren Nazinoarteko Jaialdian be, Bukaresten maiatzaren 13tik 22ra.

Arantza Santestebanen filmak Publikoak hautatutako Film Onenaren Sari Berezia eta Epaimahaiaren Aitamen Berezia jaso ditu Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdian; DocLisboako Nazinoarteko Saileko Film Onenaren saria; Torino Film Festivaleko Nazinoarteko Dokumental Onenaren saria; eta Pontevedrako Novos Cinemas Nazinoarteko Jaialdiko Latexos saria. Filmak L'Alternativa Bartzelonako Cinema Independent Jaialdian be parte hartu dau.

Euskeraz filmau eta 65 minutuko iraupena dauen filma Arantza Santestebanek idatzi eta zuzendu dau eta Irati Gorostidi (Unicornio, Euritan, Pasaia Bitartean) da zuzendari laguntzailea. Maddi Barber (Jo Ta Ke, Urpean Lurra, 592 Metroz Goiti) da erretratugilea, Mariona Solék (Pa 'lante, El Rastro Firme, Inefable, Lo de Évole) muntaia eta Alazne Ameztoyk (2020ko Goya saria La trinchera infinita lanagaitik) zuzeneko soinua. Iker Álvarez zuzendaritza artistikoaren arduraduna da. Marian Fernández Pascal eta Marina Lameiro (Young & Beautiful eta Dardara filmen zuzendaria) dira produktore ejekutiboak. Aktoreen artean Arantza Santesteban bera, Mirari Echavarri, Mercé Salom, Manon Praliné eta Maryann Peony dagoz.

Filma 2019 eta 2020an, zinemagilearen artxiboa filmau eben, haren biografiako leku garrantzitsuak bisitau zituen, berbarako, Segura eta Berlin eta espazio batzuk birsortu zituen.

918 Gau Txintxua Filmsek (Intimidad, Hondar Ahoak, Oreina, Amama, Bertsolari) eta Hiruki Filmak (Enero, Los Caballos Mueren al Amanecer, Paraíso) produzidu dabe. EITBren parte-hartzea dau eta ICAA, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa. Filmak Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zinema Eskoleak bultzatutako Ikusmira Barriak 2018 programan parte hartu dau, baita Donostia Zinemaldiko Work in Progress Europe 2020 foroetan eta Abycine Lanza Work In Progress 2020 foroetan be.

Filma Bilbon be ikusi ahal izango da laster, Azkuna Zentroko Zinematekeak atondutako Aldaketearen ahotsa zikloaren barruan. Apirilaren 27tik ekainaren 23ra bitartean Golem Alondigako programa honek, zinemaldi garrantzitsuenetan epaimahaiek eta ikusleek goretsitako zuzendariek bultzatutakoa, zinema-industria garaikidearen aldaketa progresiboa islatu nahi dau. 918 Gau, ziklo honi hasiera emongo deutson filma, saio bitan ikusi ahal izango da: apirilaren 27an, eguaztena, 17:00etan; eta 28an, eguenean, 19:30ean, azken hau Arantza Santesteban zuzendariaren barriketaldiagaz. Sarrereak 5 € balio dau (4 Az txartelagaz).

Arantza Santisteban

UPV/EHU-n Historian lizentziaduna, Bartzelonako Francesca Bonnemaison zentroan Sortze Dokumentaleko diplomaturea egin eban eta Carmen Ávalos, Víctor Erice eta Patricio Guzmanegaz ikastaroak eginez osotu dau prestakuntzea. 2017an, Arte Garaikideko Huarte Zentroak hautatu eban, egoitza/ikerketa kuratoriala lantzeko. 2018an, Irudiak bidez: gatazketako irudiei buruzko hausnarketak Nazinoarteko Mintegian komisario izan zan. 2019tik, doktoregoa atontzen dago Lisboako Arte Eder Unibersidadean Susana De Sousa Dias eta Ana Longonigaz, zinemagintzearen irudikapenari, feminismoari eta euskal gatazka politikoari buruzko ikerketa bategaz. Iruñeko Hiriartea Kultura Garaikidearen Zentroko koordinatzaile be izan da eta Arte Garaikidearen Uharteko Zentroko (Huarte, Nafarroa) Arte Praktiken eta Kultura Ikasketen Masterreko koordinatzaile legez. Honako pieza honeek egin ditu: Liluraren Kontra (2021); Euritan (2017); Passatgeres (2012) eta Gorputz grafiak (2015).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu