June Crespok Veneziako Biurtekoan erakutsiko ditu hiru obra
2022-04-21 09:53 KultureaHelmets saileko piezak Pabilioi Nagusian ipiniko ditue.
Euskal artearen ordezkari izango da June Crespo nafarra Veneziako Artearen Biurteko entzutetsuaren 59. edizinoan, apirilaren 23an hasita. Helmets IV, Helmets IX eta Helmets X piezak eroango ditu hara, igaz Gasteizen ikusi ahal izan zan June Crespo. Helmets erakusketa zabalagaz lotuak.
Biurtekoaren Pabilioi Nagusian, Gli Giardini dalakoan, ipiniko ditue Cresporen hiru obrak, mundu guztiko 213 artistaren piezakaz batera. Sortzaile horreen guztien artelanakaz ibilbide berezia egin ahal izango da, gizatasunaren eta ez-gizatasunaren inguruko gogoetea bultzatuko dauena, ikusleak bizitzeagaz, inguruneagaz eta beste personakaz dauen erantzunkizunean pentsau deian.
Hain zuzen be, Cresporen lanak gogoetea egiten dau gorputzaren eta arkitekturearen arteko hartu-emonez, eskulturea oinarri dala. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazinoa eta hondarra dira Crespok lantzen dituan kontzeptuak.
Material prekarioak erabilten ditu gehienbat, baliabideetan ekonomia helburu. Esate baterako, beira-zuntza, erretxina, zeramika, eta brontzea dagoz Cresporen artelanen materialen artean. Zatitu, apurtu, alkarregaz lotu eta modu barrietan konbinetan ditu, fokua egiteko prozesuan eta ahaleginean jarriz. Era berean, forma barrien bidez, ikusle bakotxak bere irakurketea egin deian nahi dau artisteak. Armaduren itxurea dabe Veneziara eroan dituen hiru piezek.
June Cresporen erakusketeak Etxepare Euskal Institutuaren bultzadea dau, euskal sorkuntza garaikidea nazinoartean ezagutzera emoteko Zabal programearen bidez. Ganera, erakunde horretako zuzendari Irene Larraza Venezian izango da egunotan; batetik, Crespori babesa emoteko eta, bestetik, berbaldi eta topaketa profesionaletan parte hartzeko.
Veneziako 59. Artearen Biurtekoa urtebeteko atzerapenez dator, pandemiaren eraginez. Edizino honetako leloa The Milk of Dreams da, Leonora Carrington idazle eta margolari surrealistearen liburu bati erreferentzia eginez. 58 herrialdetako 213 artistaren 1.400 lan aukeratu ditue antolatzaileek, eta, horrezaz gan, 79 herrialdek euren pabilioiak ipini ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!