Bolueta erakutsiko dabe Bilbao Izan programan maiatzean

Bizkaie! 2022-04-20 13:22   Kulturea

Bisitaldi gidatuen bidez, auzoaren historia eta txoko bereziak ezagutu ahal izango dira.

Bilboko Udalak uriko auzoak erakusteko antolatzen dauen bisitaldi gidatuen programea, Bilbao Izan, Boluetara helduko da maiatzean, helduentzako zein umeak dituen familientzako urteeren bidez. Bizkaiko industrializazinoaren sorguneetako bat izan zan auzoa, eta ibaiak eta errepideen bidekurutzeek baldintzatu dabe hango bizimodua. Gaur egun, etxebizitza barri ugari eregiten dabiz.

Horren guztiaren barri emoteko, bisitaldi gidatuak egingo ditue maiatzaren 3tik 28ra. Boluetako historia, nortasuna, txoko bereziak eta bitxikeriak modu atseginean ezagutu ahal izango ditue parte-hartzaileek, doban.

Lezama-Legizamon familia poteretsuaren lurretan sortu zan Bolueta, Erregimen Zaharrean. Errege Bidearen eta Zubi Barriaren inguruan agertu ziran baserriak, ortuak eta burdinolak. XIX. mendean, Santa Ana fabrikea zabaldu eta lasterrera, beharginentzako etxebizitzek hartu eben ingurua, baina industria zaharrek itxitako orubeetan eraikin modernoak eregiten dabiz azkenaldion.

Bisita gidatuetan, beraz, lantegien tximiniak, ibai ertzeko pasealekuak, zubiak eta antxinako errotak aitatuko ditue, baita jasangarritasuna helburu dauen etorkizuna be. Ohiko moduan, oinez izango dira bisitaldiak.

Modalidade bi antolatu ditu Bilboko Udalak. Batetik, bisita arruntak, ordu eta erdi ingurukoak. Euskerazkoak eta gaztelaniazkoak egongo dira aukeran. Bestetik, Ezagutu Familian modalidadea be badago, umeak dituen familientzat aproposak. Olgeta eta ipuinen bidez, Bolueta hobeto ezagutuko dabe parte-hartzaileek. Familientzako saioak maiatzaren 15ean eta 22an egingo ditue, eta elebidunak izango dira.

Izena emotea beharrezkoa da bisitaldiotan parte hartzeko (hemen), baina ez da ezer pagau behar. Boluetako metro geltokiaren sarreran jarriko dabe hitzordua, eta, familiako bisiten kasuan, Bilbo-Galdakao errepidearen 10. zenbakian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu