'Bake lehorra' estreinauko dau Tartean Teatroak maiatzean, Zornotzan

Bizkaie! 2022-04-20 11:09   Kulturea

Euskerazko eta gaztelaniazko bersinoak ditu.

Patxo Telleriaren zuzendaritzapean, Tartean Teatroa konpainiak antzezlan barria dakar, Bake lehorra izenburuduna, La paz estéril gaztelaniaz. Obreak Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzinoa eta koprodukzinoa dauenez, Zornotza aretoan egingo dabe estreinaldia, maiatzaren 21ean (gaztelaniaz) eta 23an (euskeraz).

Antzezlan barria Patxo Telleriaren testuan oinarrituta dago, eta berau izango da zuzendaria. Aktore bi ikusiko doguz oholtzan, Mikel Losada eta Aitor Fernandino. Obrearen alderdi artistikoan dabiz, ganera, Adrian Garcia de los Ojos (gune sonoroa), Alberto Mazarbeitia (eszenografia), Nati Ortiz de Zarate (jantziak) eta David Rodriguez (argiztapena).

Gerrea albistegietako lehen lerroan berragertu jakun ezkero, momentu aproposean dator Bake lehorra antzokietara, gogora ekarten deuskulako erraza dala gerrearen metxea biztutea, eta aldiz, oso gatxa amatatea. Gerra zaharretan txarto amatautako txingarrek gerra barriak berbiztuten ditue.

Hain zuzen be, antzezlan barriak aspaldiko sasoietara eroango gaitu, Gerra Karlisten aroko Euskal Herrira. Euskaldunen arteko gatazka harek etorkizuna baldintzatu eban, gaur-gaurko kontzeptu asko ordutik jatorkuzalako: ezker-eskuma, liberalismo-integrismoa, erlijinoa-laizismoa, espainolismoa-foruzaletasuna/independentismoa...

Nor garen, nondik gatozen eta norantz goazen ulertzeko, ezinbestekoa da orduan jazo zana ezagutzea, eta zeregin hori beteteko asmoz dator Bake lehorra.

Oholtzan, Bigarren Gerra Karlistako momentu nahiko ezezagun bat kontauko dabe Tartean Teatrokoek, Amorebietako Ituna hain zuzen. Inor ez eban konforme itxi akordio harek, ez liberalak ez karlistak; ondorioz, ituna sinatu eta gitxira berbiztu zan gerrea, eta hurrengo lau urteetan ez zan geratu. Zehaztasun historikoan baino, personen arteko hartu-emonetan jarri dau arretea Patxo Telleria egileak, alde emozionalean.

Amorebietako Ituna adostu bitartean jazotako hainbat eszena erakusten ditu obreak, tarteka. Ituna bera negozietan dabizan Serrano eta Orue generalen arteko alkarrizketatik hasi eta, gizarteko eskalan behera eginez, alde bietako ofizialen eretxi, Morgako kanpamendu karlistako jazoera zein Oñatiko kanposantuko baserritarren mineraino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu