Aitor Etxebarriak 'Gernika 85' obra sinfonikoa egin dau

Bizkaie! 2022-04-20 11:01   Kulturea

Aurrerapena, apirilaren 28an, 19:00retan, Gernikako Lizeo Antzokian eskainiko dabe.

Gernikako Bonbardaketearen 85. urteurrenaren omenaldi ofiziala da eta Evelyn Glennie (Grammy sari bi dituana) perkusionista ospetsuagaz, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Gernikako Gaudeamus abesbatzagaz bat egiten dau Etxebarriak. Kontzertua Bilboko Euskalduna Jauregian izango da bagilaren 30ean eta hor Aitor Etxebarria konpositore garaikideak gaur arte bere proiekturik personalena eta zabalena izan dana erakutsiko dau: Gernika 85, proposamen ausarta, musikearen bitartez omenaldia egiten deutson herri bizkaitar berean jaiotako egile baten erronka eta ardurea adierazoten dauena.

Lana Mikel Fernándezek zuzendutako Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretauko dau Evelyn Glennie perkusionista eskoziar ospetsuaren, Gernikako Gaudeamus abesbatza eta Etxebarria bera piano eta instrumentuen elektronikan parte hartuko daben errezitaldian.

Euskal musikariarentzat, Gernika 85. lau mobimentuz osotuko dan bere lehen konposizino sinfonikoa irudikatzen dau. Lanak isiltasuna protagonismoa hartzen dauen pasarteak eta dinamika maximoa diran beste batzuk buztartzen ditu, soinu-ibilaldi batean, estetika eszentrikoetan eta paisaje minimalistetan zehar. Oso lan gogorra da eta aldi berean oso pozgarria, kolaboretan nabilen jenteak asko erakutsi deust adierazo dau Etxebarriak. Londresen alkarregaz lan egin genduanean lotura handia geunkan eta ez neban dudarik izan lan honetarako beragaz egin behar nebala, musika klasikoaren eta garaikidearen mundua primeran ulertzen dauen personea dalako dino euskaldunak Evelyn Glennie eskoziarrari buruz. soinu-estetika eta gorputzeko maiztasunen pertzepzinoa oso ondo ulertzen dituala esan dau. Mundu mailan ospe handiko perkusionista honek, Björk edo Mark Knoplfer-en maila handiko artistakaz diskoak grabau dituanak, konpositoreagaz batera, berak bagilaren 30ean zuzenean interpretauko dauen soloaren zatiak sortu ditu.

Gernika 85. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gernikako Udalaren, Gogora Memoriaren, Bizikidetzearen eta Giza Eskubideen Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntza nagusia dau. Kontzertu honetarako sarrerak apirilaren 20an jarriko dira salgai Euskaldunako ohiko kanaletan.

Aitor Etxebarriak urteak eroiazan Gernika 85 idea buruan eta hor ibili da New Yorken, Berlinen, Madrilen edo Gernikan zuzenean aurkeztutako Markak - (2016) dokumentalaren jatorrizko soinu-bandea aurkezten. Ondorioz, konpositorea bere sorterriko Gernikako bonbardaketearen 85. urteurrenaren harian lan sinfoniko bat lantzen hasi zan, euskal musikariaren orain arteko lanik sakonenean sentiberatasunez beteriko piezea lortuz.

Azken buruan, aurrerapena, apirilaren 28an, 19:00retan, Gernikako Lizeo Antzokian eskainiko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu