Literaturea oinarri, badator Barakaldo Hitza

Bizkaie! 2022-04-20 09:49   Kulturea

Apirilaren 22tik maiatzaren 1era, hogei jarduera inguru egongo dira.

Kultureagaz, liburuakaz eta sormenagaz lotutako hogei bat jarduerako egitaraua atondu dabe aurtengo Barakaldo Hitzan, Udalaren bultzadaz eta  edade guztietako herritar eta bisitariek gozau deien. Apirilaren 22an, barikua, ekingo deutse modu ofizialean programazinoari, Barakaldoko 32. Liburu Azokearen inaugurazinoagaz batera.

Herriko Plazan egongo da azokea, maiatzaren 1era arte. Era berean, umeentzako liburu azoka berezia be badakar aurtengo egitarauak, Gurutzetako Auzo Etxean, 6 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzako jarduera piloagaz: tailerrak, ipuinen ilustrazinoa, kamishibai papelezko antzerkia... Apirilaren 23an izango da hori.

Helduentzako ekintzen artean, aitatzekoak dira lantegiak, errezitaldiak, berbaldiak, aurkezpenak eta erakusketak. Esate baterako, hilaren 25ean hasita, kaligrafia hobetu ahal izango dabe interesa daben herritarrek. Barikuan, hilak 29, errezitaldi musikatua aurkeztuko dabe Toti Martinez de Lezeak, Gorka Hermosak eta Edurne Zabalok, Brujas y brujerías izenburupean.

Azken aldiko nobedade literarioak ezagutzeaz gan, idazleen berbak entzuteko modua be emongo dau Barakaldo Hitzak. Emilio de la Mata barakaldarrak Piscaría liburuaren ganean azalpenak emongo ditu, eta Alaine Agirrek Kamisoi zuri zetazkoa obraz egingo dau berba.

Ganera, apirilaren 22tik 30era, literaturan eta umorismo grafikoaren munduan funtsezkoak diran sei autoreren omenezko jarduera dibertiliterarioak egingo dirala aurreratu dau Udalak. Almudena Grandes, Fernando Marías, Joaquín Salvador Lavado Quino, José Saramago, Jean-Baptiste Poquelin Moliére eta Antonio de Nebrija dira.

Erakusketa bi be antolatu ditue, bata udal erakusketa aretoan eta bestea Clara Campoamor Zentroan. María Oms Janéren ilustrazinoen ingurukoa da lehenengoa; bigarrena, barriz, Adrián Piedra diseinatzaile grafiko barakaldarraren La cubierta del libro descubierta argitalpen grafikoari buruzko erakusketea da.

Barakaldoko Kultura, Hezkuntza, Euskera eta Gazteria zinegotzi Nerea Canterok adierazo dauenez, programa zabala da, literaturearen balioa nabarmentzea eta gure herritarren artean irakurzaletasuna sustatzea helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu