Kulturearen alde, II. ToloFOLK Tolosan

Bizkaie! 2022-04-20 08:05   Musikea

Kontzertuak apirilaren 20tik 24ra izango dira.

ToloFOLK tolosarren agendan nahitaezko hitzordu bihurtu da. Folk musikeari ikusgarritasuna emoteko, herria bizibarritzeko eta herriko kultur eskaintzea indartzeko helburuagaz sortu zan jaialdia igaz, pandemia sasoian bete-betean, baina denporan irauteko helburuari eusteko asmoz. Tolosa eta kulturea buztartuz, igaz hasitako bideari jarraituz, Tolosako plazea eta beste leku batzuk hartuko ditu jaialdiak, Tolosa girotzea da asmoa, kultureari eta kultura herrikoiari jagokon espazioa eta oihartzuna emoteko.

Euskal Herriko zein nazinoarteko maila goreneko artistak batuko dira, besteak beste, Tolosa, Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hainbat talde, Galizia, Asturias eta Katalunia eta Mongolia zein Kubakoak.

TOPICeko kontzertua oso berezia izango da, Abraham Cupeiro musika-tresna ugari joten dituana eta instrumentu-egilea izango da protagonista. Margarida Mariño biolontxelisteagaz eta Sabela Caamaño akordeoilariagaz batera.

Eguenean Caroline Phillips eta Mixel Ducau Lapurdiko bikote ezaguna Plaza Barrian ikusiko dogu.

Barikuan saio bikotxa iragarri dabe: Xabi Aburruzaga Bandek kontzertu ikusgarria eskainiko dau Leidorren eta ondoren, folk kubatarra ezagutu ahal izango dogu frontoian. Zapatu goizean Kalepoza izango da Tolosako kaleetan: Asturiaseko gaiteroak, Kataluniako grallerrak, Tolosaldeko txistulariak eta dultzaineroak, Udabarriko fanfarrea...

Arratsaldean, barriz, saio bikotxa izango da Euskal Herria Plazan: Yesun Erdene Mongoliako musikari, kantu-irakasle eta bakarlaria eta ondoren Iraide Ansorena tolosarraren Khami folk taldearen kontzertua.

Amaitzeko, domeka arratsaldean iparraldeko folka izango da Plaza Barrian: Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Etxekopar artista Zuberotarrak eta Xendarineko ahizta kantariak izango dira oholtzan.

TOPICeko eta Leidorreko kontzertuak izan ezik, gainerako guztiak doban eta edegiak izango dira herritar guztientzat. TOPICeko kontzerturako sarrerak TOPICeko webgunean eskuratu daitekez eta Leidorrekoak, ostera, kutxabank-en. Era berean, kontzertuen aurretik be sarrerak leihatilan erosi daitekez.

Euria egingo baleu, kontzertuak Berdura plazan egingo litzatekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu