Artium Museoak hiru erakusketa aurkeztu ditu

Bizkaie! 2022-04-19 07:50   Kulturea

Anna Daučíková, Erlea Maneros eta Ainara Elgoibar dira artistak.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Anna Daučíková. Not Belonging to and in Solidarity with erakusketea aurkeztu dau (A1 aretoa, 2022ko irailaren 18ra arte). Espainian Anna Daučíkovári buruz egingo dan atzera begirako lehen erakusketea izango da eta artisteak 80ko hamarkadearen amaieratik gaur egunerako ibilbidearen ikuspegi zabala eskainiko dau, bideoen, argazki serieen eta collage serieen bidez. Zbyněk Baladrán artisteagaz egindako lankidetza estuaren emoitzea da proiektu hau. Horreez gan, ikusgai izango da hasieran aukeratu bako pieza bat, Along the Axis of Affinity, bideo-proiekzino bikotxa eta horra batu ditue Kiev, Bratislava eta Koloniako eraikinen plano luzeak. Ukrainako inbasinoa hasi ondoren, 2015eko Kieveko Bienalerako sortutako obrea berbisitau dau Daučíkovák, egungo krisiari erreferentzia egiten deutson hirugarren proiekzino bat gehituz. Bestalde, erakusketa hau dala-eta, Artium Museoak argitalpen bat plazaratu dau Anna Daučíková, Quinn Latimer, Monika Mitášová eta Beatriz Herráezen testuakaz.

Beste alde batetik, Artium Museoak Erlea Maneros Zabalaren erakusketea aurkeztu dau (A2 aretoa, 2022ko irailaren 18ra arte). Erakusketa honetan, Erlea Maneros Zabala artisteak (Bilbo, 1977) azken bost urteetan sortutako lanak izango dira ikusgai: Exercises on Abstraction IV (2018) eta Temporal Arrangement (2018) serieetako obrak, The Voice of the Valley filma (2017) eta Prompt Book proiektua (2016-2022), Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (MNCARS) museoan 2016an egindako bakarkako erakusketa baten testuinguruan produzidutako obra bat barruratuz. Gainera Erlea Maneros Zabalaren lanari buruzko lehen monografikoa atontzen dabil Artium Museoa.

Hirugarren erakusketea, barriz, Ainara Elgoibar. Gold 20. Fundir y parar erakusketa izenekoa da (Z aretoa, 2022ko maiatzaren 29ra arte). Erakusketan, film bi erakutsiko ditue eta hor industria-jarduerean aurrean artisteak dauen interesa agertuko da eta, zehatz, arkitekturan erabilteko asmautako beira berezi baten (Glas 20) fabrikazinoari buruzko bere ikerlana. Ikusgai egongo da material horregaz egindako proiektu baten maketea (Diamante, 2021). Z aretoa programearen helburua da zinemearen esparrura salto egiten daben artisten eta erakusketa-formatua lantzen daben zinemagileen obrak ezagutzera emotea eta Garbiñe Ortega da haren komisarioa. Artium Museoak argitalpen bat plazaratu dau, David Bestué artistearen testuagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu