Bizkaiko Foru Jauregia modu birtualean bisitau leiteke
2022-04-13 09:55 KultureaQR kode bati esker, eraikineko areto eta artelanak ikusi geinkez.
Bizkaiko Foru Aldundiak bere ondarea erakusteko beste ekimen bat ipini dau martxan, Bilboko Kale Nagusiko Foru Jauregia barrutik ezagutzeko bisita birtualak hain zuzen be. Era horretara, interesa daben guztiek ikusi ahal izango ditue bertako txoko guztiak, eraikinean sartu beharrik barik.
Modu bitan eskuratu geinke bisita birtuala egiteko sarbidea. Batetik, Foru Jauregiaren aurrealdean, Kale Nagusian, ipini daben panelera jota. Han dagoan QR kodea eskuko telefonoagaz irakurri, eta berehala hasiko gara eraikinaren barruko aretoetatik pantailearen bidezko ibilbidea egiten. Bestetik, Foru Aldundiaren webgunean be badago sarbidea (hemen).
Foru Jauregiaren barruko areto eta elementu ugari ikusi leitekez bisitaldi birtualean, kalidade handiko irudietan eta informazino jakingarriz lagunduta. Dekorazinoa eta artelanak ezagutzeaz gan, argazki-galeria zabala eta Foru Jauregiaren historia azaltzen dauen bideoa be badagoz.
Azalpenak euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez zein ingelesez dira.
Bilboko Zabalgunean eregitako lehenengo eraikinetako bat izan zan Foru Jauregia, 1900eko garagarrilaren 31n inaugurau eben. Diseinua Luis Aladrén arkitektoarena da. Zabaldu ebenetik egon da bertan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzea. Ganera, artelanen bilduma zabala dau; obrek, batez be, Bizkaiaren eta gobernu onaren alegoriak eta lurraldearen historiako jazoera eta persona garrantzitsuak agertzen ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!